argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen Mundu Martxa iristear, ekitaldi ugari nonahi
  • Irailaren 28an iritsiko da Emakumeen Mundu Martxa gurera. Urriaren 4ra bitartean Euskal Herriko lurralde gehienak zeharkatuko ditu martxa feministak, eta egitarau zabala antolatu dute herri askotan ekimenaren harira.

Garazi Zabaleta 2015eko irailaren 21
Martxak dirauen bitartean egingo diren ekintzez gain, aurrez eta ondoren ere egitaraua antolatu dute toki askotan (argazkia: Euskal Herriko EMM)

Martxak dirauen bitartean egingo diren ekintzez gain, aurrez eta ondoren ere egitaraua antolatu dute toki askotan. Hitzordu horietako batzuk bildu ditugu hemen.

Gipuzkoan

Zarautzen, irailaren 24an Lurra, lana, izana Usurbilgo emakume baserritarren ahotsak biltzen dituen dokumentala proiektatuko dute eta hizketaldia eginen dute jarraian. 19:00etan izanen da Putzuzulo Amets Fabrikan. Irailaren 29an, ordu berean, errefuxiatuen krisiari begirada feminista emateko mahai ingurua antolatu dute Harresiak apurtuz lelopean.

Azpeitian, irailaren 21ean EMMren aurkezpen hitzaldia eta herri apainketa eginen dute, 19:00etatik aurrera. Urriaren 7an, berriz, La mochila invisible dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia izanen dira ordu berean, Emakumeen Txokoan.

Zumaian, Martxan eta dantzan emanaldia eginen dute irailaren 27an Kofradian, 12:30ean. Urriaren 1ean, Zumaiko esperientzia feministak mahai ingurua izanen da herriko emakume taldeekin.

Aretxabaletan, irailaren 23an 19:00etan jarri dute hitzordua herritik zehar urrats moreak margotzeko, eta ondoren Emakume Txokoa aldarrikatzeko landaketa sinbolikoa eta afari-merendua eginen dute.

Oarsoaldean, irailaren 27an Errenteriatik abiatu eta Lezon Mari basoaren inagurazioa eginen dute, 12:00etan. Jarraian, Nendo Dango (hazi bola) tailerra, bazkaria, jolasak eta musika izanen dira.

Nafarroan

Leitzan, irailaren 22an Gure genealogia feministak liburuaren aurkezpena antolatu dute. 19:00etan izanen da Atekabeltz Herrigunean. Urriaren 15ean, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Hazien garrantzia elikadura burujabetzan hitzaldia, bideo emanaldia eta solasaldia eginen dute.

Baztanen, EMMren aurkezpena eta Lurra, lana izana dokumentalaren proiekzioa eginen dute irailaren 24an, 19:00etan Arizkunenean.

Bizkaian

Santurtzin, irailaren 27an emakume ekoizleen azoka antolatu dute Mamarigako frontoian, 11:00etatik 15:00etara.

Balmasedan berriz, irailaren 22an EMMren izaera azaltzeko hitzaldia eginen dute Kultur Etxean, 17:00etan. Mujeres del Mundo eta Nos Unimos elkarteetako kideek hartuko dute parte, besteak beste.

Portugaleten, irailaren 24an EMMren aurkezpena antolatu dute 19:30ean Santa Clara Kultur Zentroan.