argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen kontrako indarkeria ardatz duten bost filmekin bilduma osatu du Filmazipek
  • “Emakumeei eragiten dieten arazoen” inguruko bost film-labur hautatu, euskarazko azpitituluak jarri eta hainbat herritan proiektatuko ditu Filmazip programak.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko azaroaren 12a
The Curse film laburraren eszenetako bat.
Besteak beste, honako gai hauek jorratzen dituzte obrek: tratu txarrak, marjinalitatea, presio soziokulturala, desberdintasuna, garapen sexualaren eragozpenak eta behartutako prostituzioa.

Hainbat zinemaldietan saritutako lanak dira. Erresuma Batuko The Curse, Fyzil Boulifak zuzenduta. AEBetako bi film: batetik, Vladimir de Fontenayren Mobile Homes, eta bestetik, Christophe Nassifen What to Bring to America. Brasilen ekoiztutako Irene, Patricia Galuccik eta Victor Nascimentok sortuta. Eta Belgikan egindako Rae, Emmanuelle Nicoten filma..

 “XXI. mendean ere emakumeen aurrerapenari trabak jartzen dizkion indarkeria mota asko dago”, zehaztu dute Filmazipeko kideek, euren web gunean. Diotenez, bilduman, indarkeriaren aniztasuna islatzen duten istorioak jaso dituzte.

Clermont-Ferrandeko Nazioarteko Film Laburren Zinemaldiarekin eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiarekin elkarlanean egin dute pelikulen aukeraketa.

Azaroan, Donostian, Berangon, Barrikan, Azpeitian, Deban, Bakion eta Etxarri Aranatzen botako dituzte. Emanaldien inguruko informazio gehiago hemen