Gizarte eragile eta ordezkari politikoek gogor salatu dute ostegunean labankadaz hil zuten Amagoia Elezkanoren kontrako erasoa. Euskal Herrian genero indarkeriak aurten hildako lehen biktima da, baina egunero gertatzen dira beste mota batzuetako "indarkeriak eta bazterkeria adierazpenak", Elezkanoren omenezko elkarretaratzeetan oroitarazi dutenez.
Ertzaintzak Elezkanoren bikotekidea atxilotu du, hiltzailea izatea leporatuta.
Eusko Legebiltzarrak minutu bateko isilunea egin zuen atzo,eta talde guztiek hilketa gaitzesteko adierazpen instituzionala adostu dute. Eusko Jaurlaritzak ere ''gaitzespenik bortitzena'' adierazi du. Elezkanoren heriotzaren harira, Juan Maria Aburto Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikarako sailburuak adierazi duenez, azken hamarkadan genero indarkeriaren kontrako neurriak hartu badira ere, "ez dute nahi adinako eraginik izan". Zerbait "huts egiten" ari dela esan du: "Neurri prebentiboek ez dute esperotako eraginik izan".
Emakundek ere gertatutakoa gaitzetsi du, eta herritarrei dei egin die genero indarkeriaren kontra egiteko: "Emakumeen kontrako jarrera iraingarri guztien aurrean inolako tolerantziarik ez onartzeko eskatzen diegu".
Orozko eta Laudioko udalek, bestalde, hilketa salatzeaz gain, gogoratu dute emakumeen aurkako indarkeria "ez dela gure gizartearekin eta gure eguneroko bizitzarekin zerikusirik gabeko egoera". Horren aurrean edozein biolentziaren kontra tinko agertzea herritar guztien betebeharra dela azpimarratu dute.
Udal ordezkariek egindako ezohiko batzarraren ostean, elkarretaratze jendetsuak egin dira, Aiaraldea.com-en bideo honetan ikus daitekeen moduan:
Parekidetasunaren aldeko Aiarako Biok gizon taldeak ere hilketa salatu du: "Emakumeen kontrako indarkeria emakume eta gizonen arteko ezberdintasunaren ondoriorik larriena da. Matxismoa eta sexismoa gure gizartean hedatuta dago. Era honetako hilketak onartezinak dira".
Gizarte hezitzaile bat bortxatu dute Bilbon
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bortxaketa ostegunean gertatu da, 16:30ean, Deustuan. Atxilotutako gizonezkoak zauri larriak eragin dizkio biktimari hatz batean, labanaz moztuta.
Vocento taldeko egunkarien arabera, emakumezkoa hezitzaile soziala da, eta erasotzailea zentro bateko erabiltzailea da.