argia.eus
INPRIMATU
Konplizitate sare matxisten eta eskuin muturraren aurkako aldarriz beteriko eguna
  • Hamaika irakurketa egiten dira Emakumeen aurkako biolentziaren aurkako egunean. Sindikatu, erakunde, instituzio eta gazte mugimendu bakoitzak bere ikuspegitik irakurgai propioa aurkezten du. Aurtengoan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak "konplizitate sareak" jarri ditu erdigunean; Itaiak, jomugan jarri ditu eskuinak eta eskuin muturreko ideia eta jardunak; eta  Emakundek, bere aldetik, gizarte osoaren gainean jarri du arazoaren ardura.

BeƱat Badiola Etxeberria 2025eko azaroaren 25

Euskal Herriko Mugimendu Feministak aurreko astean kaleratu zuen Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguneko irakurketa, Zuen hipokrisia indarkeria da! lelopean. Adierazi zuten zabaltzen ari direla feminismoaren aurkako diskurtsoak “inpunitate osoz" Euskal Herrian. Ikuspegi intersekzionala baliatuz, azaldu zuten matxismoa hainbat zapalkuntzarekin gurutzatzen dela: “emakume*, trans eta bollerok jasaten dugun indarkeria ez da ausazkoa; sistema kapitalista, zisheteropatriarkal eta arrazistak” hori betikotzeko dituen egitura eta mekanismoen ondorioa dela nabarmendu dute. Zentzu horretan, ohartarazi dute feministen aurkako mezuak, mezu arrazistak eta mezu transfoboak ari direla zabaltzen hedabideetan, sareetan eta kaleetan. Era berean jomugan jarri zituen “itun patriarkalak” dituzten konplizitate sareak. Adibide gisa justizia hartu dute: “justiziak etengabe uzten gaitu babesgabe, eta sinesgarritasuna kentzen digu”.

Itaiak, bere aldetik, klase borrokan zentratu du irakurketa. Astearte eguardian salatu du “emakume langileek aurka indarkeria gordina” izaten jarraitzen duela. Adierazi dute, ideia “atzerakoiak” normalizatzen ari direla eskuineko eta eskuin muturreko alderdiak eta eragileak, “emakume langileen aurkako neurriak” hartzen ari diren bitartean. Egoera horren aurrean, Estatu Sozialistaren aldeko alternatibaren alde egiten dutela adierazi dute, “indarkeria matxista amaitzeak langile klaseko kolektibo ezberdinen zapalkuntzak indartzen dituen gizarte ereduarekin amaitzea esan nahi duelako”. Kritika egin die alderdi politikoei eta instituzioei, esanez horiek indarkeria matxistarekin amaitzeko ez duela bide orririk. Gaineratu nahi izan dute, feminismoaren baitan kokatzen diren zenbait sektore “egitura kapitalistaren” baitan direla.

Emakundek, bere aldetik,  Ez da zure arazoa bakarrik, gurea ere bada lelopean, gizarteari zabaldu nahi izan dio ardura, indarkeria matxista ez dela emakumeen arazoa soilik, aitzitik, gizarte osoarena dela nabarmenduz. Era horretan, adierazi du indarkeria matxista jasaten duten emakumeen inguruan saretu beharra dagoela. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak gizartearen gainean jarri du “pilota”.