Arabako artisten 35 lan paratu dituzte Emakumea. Familia eta lana erakusketan, Gasteizen. Aukeraketa egiteko, kanpoan utzi dituzte historian zehar emakumeak sarritan margotu izan diren beste egoera eta estereotipo batzuk, eta lanari lotutakoei eman diete garrantzia. Urriaren 19ra arte izango da ikusgai.
Arabako Arte Ederren Museoan, Gasteizko Zulueta jauregian, erakusketa berezia dago zabalik urriaren 19ra arte. Emakumea. Familia eta lana izenburupean, artista arabarren 35 margolan eta eskultura bildu dituzte, eta horietan emakumeak ageri dira lanari lotuta, eguneroko zereginetan. Besteak beste, Ignacio Díaz de Olano, Fernando de Amárica eta Pablo Urangaren pinturak ikus daitezke.
Erakusketaren antolatzaileek azaldu dutenez, sarritan, funtsezkoak izan diren beste hainbat eremutan margotu izan dira emakumeak, hala nola erlijioa, jaiak, gizartea edo hezkuntza, baita genero zehatzen bidez, erretratua eta biluziak tarteko. Oraingoan, eremu horiek albo batera utzi dituzte, eta emakumeen irudikapena familia eta lanari loturik agertzen da erakusketan. “Ikusgai dauden lanek beren egileen bidez hitz egiten digute, guztiak gizonak, hain zuzen ere emakumeek hezkuntzara oro har eta are artisitkora sartzeko zituzten zailtasunen ondorioz”, diote.
XIX. mendetik aurrera Frantziatik iritsitako korronte artistikoen eraginpean, arabar margolari ezagunek kostunbrismoari eta errealismoari heldu zioten –baita geroago inpresionismoari eta postinpresionismoari ere–, eta eguneroko bizitzako alderdiak margotu zituzten. Horietan emakumea askotan protagonista nabarmena da, erakusketan ikus daitekeenez.
Aukeraketa museoak berak duen bildumatik egin da, eta beraz, azken bi mendetako margolanak dira guztiak: “Lan horiek emakumeak XIX. eta XX. mendeen artean euskal gizartean betetzen zuen zereginera hurbiltzen gaituzte, bizimodu tradizional eta landatar batetik hiriko eta industrial batera igarotzen ari baitziren”, diote museoko arduradunek.
Hiru ataletan banatu dute erakusketa. Emakumea landa-eremuan ageri zaigu batzuetan, Fernando Amáricaren Uzta Araban (Tresponde) (1902) margolanean, esaterako, Arabako Lautadako emakume baserritarrak eguzki argitan ikus daitezke soroan.
Emakumea itsasoari loturiko lanetan ere ikus daiteke beste batzuetan, Ignacio Ugarteren Santurtzi (1900-1914 aldera) izenekoan, batelari batek agurea garraiatzen du. Eta “Amatasunetik harago” izeneko atalean, berriz, zaintza laneko eszenak edo hirietara joandako emakume gazteen lanbideak dira nagusi, Ignacio Díaz Olanoren Lisatzaileak (1895), adibidez: “Hirian, emakumeen lanbideak etxeko lanetara lotuta egon ohi ziren, hain zuzen ere neskatoak lanotan trebatzen baitzituzten txiki-txikitatik”.
Familiaren eta lanaren kontzeptuak “eskutik helduta” zihoazen euskal gizartean garai hartan, izan arrantzaleen artean, nola baserrian edo hirian, eta emakumeek betetzen zuten eginkizuna ezinbestekoa zen gizarte horri eutsi ahal izateko. Ia bi mende geroago, ezin esan bestela denik.