Historiako liburuetan agertu ez arren historia egin duten emakumeak, profil anitzekoak eta gertukoak, ausartak: Etxauriko emagin bat, Bizenta Mogel euskarazko lehen idazle emakumea, gerrako espia bat, euskal diasporako migratzailea, Maialen Lujanbio bertsolaria… Horiexek dira protagonistak, Sarerik gabe, historiak emakume izena dauka liburuan.
Miren eta Ibon pertsonaiek harilkatzen dute istorioa: haien bitartez, emakume interesgarri ugariren biografiak deskubrituko ditu irakurleak. Denonartean argitaletxeak kaleratua, Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialde dira egileak eta batez ere nerabeengana iristea gustatuko litzaieke. “Mezu argia dauka liburuak: gutako emakume bakoitza baliotsua da eta sinetsi egin behar dugu hala dela, sarri ahaztu egiten zaigulako, batez ere 14-15 urterekin”.
Azaroaren 24an egingo dute liburuaren aurkezpena eta egileekin batera liburuko protagonistetako bat egongo da: Carolina Atxukarro hondarribiarra, Iker izenarekin jaio eta gaur egun makillatzailea den emakumea.