argia.eus
INPRIMATU
Unibertsitatean ikasketak egiteko debekuaren ostean
GKEtan lan egitea debekatu diete emakume afganiarrei talibanek
  • Argudiatu dute Gobernuz Kanpoko Erakundeen lantokietan emakumeek ez dituztela janzkera arauak errespetatzen. GKE ugarik salatu dute emakumeen lanik gabe ezin izango dutela osasun eta giza arreta eman. Joan den astean, talibanek debekatu egin zieten emakumeei unibertsitatean ikasketak egitea.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 26a
Afganistango emakumeak protestan atera dira Talibanen debekuen kontra. /Argazkia: Human Rights Watch

Talibanek debekatu egin diete Afganistango emakumeei Gobernuz Kanpoko Erakundeetan lan egitea. Lantokietan ez dituztela janzkera arauak errespetatzen argudiatuta, zigorrak iragarri dituzte neurria errespetatzen ez duten GKEentzat. Herrialdean giza arreta ematen duten bertako zein nazioarteko 180 bat erakunderi eragingo die debekuak.

Horren aurrean, giza arretarako hainbat erakundek iragarri dute euren Afganistango jarduna etengo dutela; besteak beste, nazioarteko Save The Children, CARE eta NRC Norvegiako Errefuxiatuen Kontseiluak ohar bateratuan eman dute arreta lanak geldiarazteko erabakiaren berri: “Emakumeen parte hartzerik gabe ezin izango direlako orain artatzen dituzten milioika herritarrengana iritsi”. Gaineratu dute afganiarrei “ezinbesteko” osasun eta giza arreta galarazteaz gain, milaka lanpostu galduko direla neurriarekin, herrialdea “krisi ekonomiko sakona” sufritzen ari den honetan.

Ekonomia Ministerioak gutun baten bidez eman du jakitera debekua larunbatean. Joan den asteartean, abenduak 20, talibanek emakumeek unibertsitate ikasketak egiteko debekua ezarri zuten. Nazioarteko erakundeen gaitzespen zabala izan zuen neurriak, eta Afganistanen bertan protestak egin zituzten emakumeek. Poliziak indarrez erantzun zuen.