argia.eus
INPRIMATU
Emakumeak, pandemiak ekonomikoki gehien kaltetuko dituenak
  • Emakumeak are gehiago pobretuko ditu pandemiak eta genero-arrakala handitu egingo da munduan, Nazio Batuen Erakundeak eskatutako ikerketa baten arabera. 2021ean, 435 milioi emakume muturreko pobrezian biziko direla aurreikusten da.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 03a
Arg: Oxfam

Pandemiaren aurretik, 2021erako emakumeen pobrezia-tasa jaistea espero zela dio ikerketak, baina bizi dugun krisia medio, jaitsi ez, pobrezia-tasa %9,1 igoko dela dio. Muturreko pobreziak ere, bereziki emakumeei eragingo die.

Datuak okerragoak izan daitezkeela ohartarazten du ikerketak, ez direlako beste hainbat faktore kontuan hartu (adibidez, emakumeak izango direla seme-alabak zaintzeko lan egiteari utziko dioten gehienak).

Genero-arrakala handitu egingo den garaiotan, ordaindu gabeko zaintza lanen ereduak zein ondorio dituen oso agerikoa dela gehitu dute ikerketaren egileek.

Gaur egun, emakume pobreen %59a Saharaz hegoaldeko Afrikan bizi da. Hego Asian ere, emakumeen pobrezia nabarmen haziko dela uste dute ikerketaren egileek.