argia.eus
INPRIMATU
Israelgo armadak ‘Emakumeak Gazara Bidean’ ontzia atzeman du
  • Gazako portura 55 milia inguru geratzen zitzaizkiela, Zaytouna-Oliva izeneko ontzia Israelgo marinak atzeman duela jakinarazi du Al Jazeerak, ontzian bertan duen korrespontsalaren bidez.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko urriaren 05
Zaytouna ontzian doazen bost emakume. (Arg.: Rumbo a Gaza)

Aurretik hainbat aldiz kontaktua galdu dute itsasontziarekin.

Irailaren 14an itsasoratu zen Bartzelonan Zaytouna-Oliva, nazioarteko hainbat herrialdetako 13 emakumek osatzen duten ontzia. Helburua Israelek ezarritako blokeoa apurtzea da, eta Gazako biztanleek bizi duten egoera salatzea.

Bertako tripulatzaile den Sandra Barrilaro argazkilariak Rebelion-en adierazi duenez, “Palestinako biztanle diren 2 milioi pertsona inguruk jasaten dute Israelgo blokeoa, mundu guztiaren begien aurrean”. Hori dela eta, “zerbait egiteko beharra” sentitzen zuela eta egitasmo honetan parte hartzea “ohore” bat dela azaldu du. Horretaz gain, “Palestinak jasaten duen injustizia posible egiten duten gobernari eta burokraten kontzientziak astintzeko asmoa” duela ere gaineratu du.  

‘Askatasunaren Ontzidia’ izeneko mugimenduaren barruan kokatzen da ‘Emakumeak Gazara Bidean’ egitasmoa. 2010ean abiatu zen lehenengo ontzia. Israelgo Armadak eraso egin zion, 10 hildako eta dozenaka zauritu eraginez. Ordutik, sei espedizio egin dira (2016koa da seigarrena), eta aurreko bostek Israelen erasoa jasan dute.

Ondorengo bideoan ikus daiteke ontzidiaren misioa zein den, ingelesez azalduta.

Twitterren #LetFFlotillaSail traola erabiltzen ari dira ekimenaren berri emateko.