argia.eus
INPRIMATU
Emakume txilibitu-jolea Irungo jaietako kartelean?
  • Irungo Sanmartzial jaietan hiria apaintzeko aurkeztu dituzten kartelen artean, lehenengo aldiz batzorde artistiko bat arduratu da bost finalistak aukeratzeaz. Emakume txilibitu-jole bat ageri da kartel finalistetako batean, eta herritarrengandik boto kopuru handiena jasotzen badu, lehen aldia litzateke alarde parekidea jaietako kartel ofizialean irudikatzen dena.

ARGIA @argia 2016ko maiatzaren 09a

Orain arte, emakumeak kantinera edo ikusle rolean baino ez dira agertu Irungo jaietako kartel ofizialetan, horregatik da berezia La flautista y la cantinera izeneko lana. Bost kartel finalistak ikusi eta bozkatzeko aukera ematen du Irungo Udalak bere webgunean.

"Jaia bizitzeko era bat legitimatzen du, herriaren iruditedian kokatzen du"

"Orain arte jaia bizitzeko bi moduak errespetatu behar direla aldarrikatu izan dute instituzioetatik, baina alde bat, parekidea, erabat baztertua izan da iruditegi orokorretik. Horregatik da hain berezia kartel hau: jaia bizitzeko era bat legitimatzen duelako eta herriaren iruditegian kokatzen duelako”, adierazi digu Oihana Etxebarrietak.

Euskal Herriko Bilgune Feministako kide izateaz gain, bidasoar honek urteak daramatza alarde parekidean desfilatzen. Bere hitzetan, “emakumeak erdigunera ekartzeak zirrara berezia eragiten digu jaian modu horretan parte hartzen dugunoi; jaien parte garela, gu ere hor gaudela eta jaietan disfrutatzeko eskubidea dugula irudikatzera garamatza".

Kartel onenaren alde bozkatzeko oraindik astebete geratzen dela-eta, deia zabaldu du Etxebarrietak: “16 urtetik gorako irundar parekide guztiak, sartu webgunera, ikusi irudikatze horrekin gustura al zaudeten eta eman botoa, kartel bat baino askoz gehiago baita!”.