argia.eus
INPRIMATU
Emakume sexualizatuak oholtzan eta Arrigorriagako polemika: askatasunaren eta eredu patriarkalaren artean
  • Norbere gorputzaren gaineko erabakiez, estetika heteropatriarkalaren morrontzaz, kontraesanez eta musikaren industriaz solastatzeko baliatu dugu Arrigorriagako polemika: herri horretako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzea erabaki du, ikuskizuneko "emakumeen hipersexualizazioa" argudiatuta.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko uztailaren 15
Vulkano orkestra.

Irudiak begiratuta, ez dirudi Vulkano orkestrako emakume abeslariak beste musikari emakumezko batzuen eszenaratzetik oso urrun daudenik: janzkera eta jarrera sexualizatuak eguneroko ogia dira oholtza gainean. Horren gainean bi diskurtso nagusitzen direla adierazi dio ARGIAri Amelia Barquín genero gaiez ikertu duen unibertsitateko irakasleak: diskurtso batek dio emakumeak berak erabakitako sexualizazioa bere buruaz jabetzeko eta ahalduntzeko modu bat izan daitekeela (kontzienteki egina denean), sexualki askea den emakumearen aldarri, “nire gorputza nirea da eta nire gorputzarekin nahi dudana egiten dut”. Barquínen hitzetan, “batzuentzat desafioa botatzea ere izan daiteke hala agertzea, nolabait”.

Kontrako diskurtsoak dio desafiotik gutxi duela oholtzan hala agertzeak, dagoeneko mainstream dena erreproduzitu baino egiten ez duen heinean. Benetan apurtzailea al da arropa gutxirekin ateratzea? Ez al da gizarte patriarkalak bultzatzen duen zerbait, gizon heterosexualen begiradari atsegin emateko, betiere parametro batzuen araberako gorputzak dituzten emakumeei lotuta?

Horren harira, Barquínek Bell Olid idazle katalana ekarri du hizpidera. Harremanen, gorputzen, maitasunen, ileen… inguruan idatzi izan du, eta sarri galdera bera ekartzen du lehen lerrora: emakumeak dioenean gustatzen zaiolako egiten duela, zergatik gustatzen zaio gustatzen zaiona? “Zenbateraino gara patriarkatuaren produktu?”, dio Olidek: emakumeak gustuko du depilatzea, baina zergatik? Aukera handirik al du depilatu gabe minigona janzteko? Eta oholtzara gorputz normatiborik izan gabe eta janzkera jakin bat gabe “lehen mailan” kantatzeko? Musikaren industrian emaitza berberak lor daitezke joko horretan sartu gabe?

"Inoiz ez zuen gizarte batek eskatu arau estetikoei halako neurri handian men egitea"

Hasierako diskurtsoaren harira berriz, postfeminismoan dagoen ildo batez mintzatu zaigu Barquín: feminismoaren ekarpenak integratuta, kontsumismoari, indibidualismoari eta berfeminizazioari uko egiten ez diona, estetika eta sexy jantzi eta jardutea balioetsiz (adibiderako, Sex and the City telesaila). Berfeminizazioarekin kritiko, Virginie Despentes-en King Kong Teoriako pasarte hau: "Merezi du arropa deserosoa eramatea, ibilera oztopatzen duten zapatak janztea, sudurra berregitea edo bularrak puztea, merezi du gosez hiltzea. Inoiz ez zuen gizarte batek eskatu arau estetikoei halako neurri handian men egitea. Aldi berean, gizarte batek inoiz ez zuen ahalbidetu hain modu askean emakumeen gorputz eta adimenaren zirkulazioa. Emakumeen berfeminizazioak aitzakia dirudi (…) gizonak lasaitzeko (…) ez dugu inor beldurtu nahi esateko".

"Egiten duzuna egiten duzula, beti kritikatuko zaituzte"

Billie Eilish abeslariaz gogoratu da irakaslea. Eilish nerabe zelarik, arropa zabalak janzten zituen, feminitate eredu tradizional eta sexualizatutik urrun. Azken urteotan, berriz, arestian aipaturiko mainstream eredurantz hurbildu da. Bada, lehen kritikatzen zioten ez zela ederra eta ez zela nahikoa femenino, eta orain aldiz, puta baten gisan janzten dela. “Egiten duzuna egiten duzularik, ongi eta gaizki dago”, dio berak; beti kritikatuko zaituzte.

"Nola zoaz eskolara hondartzara joango bazina bezala?" galderari puritanismoa dariola erantzungo dio alabak gurasoari

Gure kultura Mendebaldarrean, gizarteak emakumeari eskatzen dio arropa ahalik eta gutxien janzteko, eta beste kultura batzuetan, estaltzeko. “Kontua da atzean beti dagoela aginte patriarkala, emakumeon janzkeraren gainean”, laburbildu du Barquínek. Horren erakusle, “arrakala termikoa”: irudi luke gure gizartean emakumeek bero handiagoa pasatzen dutela, ikusita oro har nola joaten diren jantzita emakumeak eta nola gizonak, tenperatura beraren pean. Hain justu, Amelia Barquínen laguntzaz erreportaje honen bukaeran landu genuen horixe bera, biralizatu egin zen argazki baten harira: Jennifer Lawrence aktore ezaguna erdian, oihal gehiegirik ez duen soinekoa jantzita, eta lau gizonezko inguruan, denak jaka soinean.

Belaunaldi gazteak

Irakasle izanik, hezkuntza eta heziketaren begirada oso txertatua du Amelia Barquínek. Neska-mutilak zer ari dira jasotzen eta ikasten musika industriatik? Hori ere galdetu beharko genioke geure buruari. Nerabe diren seme (eta batez ere) alaben janzkera eztabaidagai da etxe askotan. “Nola zoaz eskolara hondartzara joango bazina bezala?” galderari puritanismoa dariola erantzungo dio alabak gurasoari.

Eztabaida konplexua dela onartu du Barquínek, mahai gaineratzea merezi duten eztabaida gehientsuenen gisan.