Bake eta Demokraziarako Alderdiak (BDP) Turkian martxoaren 30ean egin behar diren udal hauteskundeetarako hautagaitza bikoitzeko sistema aurkeztuko du. Hauteskundeak irabaztekotan emakume eta gizon bana izango dira udalburu herri bakoitzean.
Emakumezkoak dira hautagaien %55 eta 49 hiritan emakume bat da zerrendaburua edo bigarrena, Cuarto Poder webgunean Manuel Martorellek informatzen duenez.
Turkiako hego ekialdeko herri askotan boterea izateaz gain, Justizia eta Garapenerako Alderdiari (AKP), gaur egun gobernuan dagoen indarrari, bere gain dituen herri eta hiri garrantzitsu batzuk kentzeko asmoa du BDPk, hala nola Urfa (800.000 biztanle) eta Gaziantep (2.000.000 biztanle) hiriak.
Mediterraneo eskualdeko eta Anatoliako hirietan ezkerreko hainbat alderdiren eta hautagai independenteen babesa du BDPk.
Salahatin Demirtas alderdiaren buruzagiaren iritziz, AKP alderdiak duen proiektu islamistarentzat hauteskundeak “amesgaizto” bihurtuko dira, hainbesteko emakume kopurua aurkeztea bere horretan garaipena dela uste baitu: “Beste inon ez dira aurkeztu emakumeek nagusitutako hainbesteko hautagaitza”.