Kanada eta AEBen arteko muga Superior lakutik gurutzatzen duten itsasontzietan emakume indigenak objektu sexual bezala salerosten direla azaldu du Christine Stark Minnesotako unibertsitateko ikasleak.
Minnesotako sexu industria ikertzen ari da, eta irailean argitaratuko du lana, vice.com hedabideak azaldu duenez.
Salerositako ehunka emakume indigenarekin hitz egin du eta lehen eskutik lortutako informazioa eman du. Bi estatuen arteko sexu trafikoa eta sexu esklabutzaren eta industria klandestino oso baten gakoak ematen dituzte.
Gaur egun Kanadan desagertutako 600 emakume indigena daudela dio Sisters In Spirit Kanadako emakume indigenen aldeko elkarteak. RCMP Kanadako zaldizko poliziak zalantzan jarri ditu zifra horiek. Vice.com-en aditzera ematen denez, baina, polizia hori bera da emakume indigenen eskubideen kontrako erasoagatik ikertuak izaten ari dena.
Gobernuek axolagabekeriaz jokatu dutela salatu du Starkek, besteak beste bazter batera utzi baitute desagertutako emakume horien inguruko ikerketa bat egiteko uztailean egindako eskaera.
Ikerketa
2011n Christine Starkek gaiari buruzko lehen txostena argitaratu zuen, Egiaren Belardia. Prostituzioa eta Emakume Indigenen Trafikoa Minnesotan izenburupean, emakume indiarren kontrako sexu erasoak aztertzen dituen talde batekin elkarlanean. Ikerketa honen harira lortu zituen Starkek lehen harremanak Duluth eta Thunder Bay-ko portuetako itsasontzietako salerosketan erabilitako emakumeekin.
Entzundako historia batzuetatik abiatuta hasi zuen ikerketa Starkek, eta honela azaldu zuen Kanadako CBC irratiak egindako elkarrizketa batean: “Hainbat belaundalditako emakume indigenak barkuetako putez eta prostituzioaz hitz egiten entzutea... komunitate natiboak erroan daraman gauza da, eta informazioa bildu nahi izan dugu”.