argia.eus
INPRIMATU
Bortxatu egin dutela salatu du emakume gazte batek Atarrabian
  • Adin txikiko emakume batek salaketa jarri du larunbat gauean Atarrabian jasandako erasoagatik. Herriko mugimendu feministak kontzentrazioa deitu du astelehenean 20:00etan udaletxe aurrean.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko maiatzaren 26a
Joan den hilabetean Txantreako jaitan gertatutako eraso sexistak salatzeko egindako manifestazioko argazkia. (Argazkia: Ahotsa.info)

Polizia gertakaria ikertzen ari da. Erasoa larunbat goizaldean izan zen, jai baten irteeran, 01:30ak aldera.

Albistea jakin bezain laster, Atarrabiako Udalak igande arratsaldean bilkura egin zuen erasoa salatzeko. "Indarkeria sexistaren aurka borrokatzeko neurriak" hartzeko konpromisoa azaldu du komunikatu batean. Atarrabiako emakumeen segurtasunerako, askatasunerako eta berdintasunaren alde agertu da Udala.

Atarrabiako Mugimendu feministatik "gaitzespenik handiena" adierazi nahi izan dute. Azken boladan, maiztasun handiarekin gertatzen ari diren erasoak direla nabarmendu nahi dute. "Ez dira gertaera isolatuak, edo norbanakoaren jokaera gaixoaren ondorio ere. Sistema patriarkalaren logikaren barne dagoen gertaera da hau, pentsamendu atzerakoian oinarritutako ideologia", esan du mugimendu feministak.