Urrun daukaten familia mantentzeko asmoz etorri da emakume ugari. Sexu langile edo etxeko langile dira. Ia denek adinekoak zaintzen dituzte. Sarri ikusezin dira, etxe barruan eta ilegal dihardutelako.
Silvia Carrizo Zumaian (Gipuzkoa) daukan goxoki-dendan aurkitu dugu. Goizez aritu gara berriketan. Bazkalondorenetan, etxetan lanean ari diren emakume etorkinak joaten zaizkio hitz eta pitz aritzera, beti ere atsedenerako baimena dutenak.
Argentinarra da Carrizo eta urteak dira hemen bizi dela. Malen (emakumea, maputxeraz) Etxearen sortzaileetakoa da. Emakume etorkin hegoamerikarrek osatzen dute Malen Etxea. Elkartearen helburua emakume atzerritarrei lurralde berriko eremu politiko, ekonomiko eta sozialean aurrera egiten laguntzea da.
Etxeko langile horietako batzuk ez dira Carrizoren dendara gerturatzen eta argentinarrak kalean agurtu ere ez ditu egiten: “Hedabideetan hainbat etxeko langileren lan baldintza kaxkarrak salatu izan ditugu. Hemen inguruko herriak txikiak dira eta nahiz eta izenik eman gabe egin, etxeko nagusiek jakin dute beraietaz ari ginela. Batzuek hala esaten diote aste osoan etxean lanean daukaten emakumeari: ‘Ez zaitut ikusi nahi dendakoarekin’. Guk lan baldintza txarrak salatu egiten ditugu”.
Geriatrikoan 3.000 euro
Euskal Autonomia Erkidegoan, emakume atzerritarren %89 etxeko lanetan aritzen da. Gainerakoek ostalaritzan edo sexu lanean dihardute. Etxeko langileak garbiketan, ume zaintzan, eta batik bat, adinekoak zaintzen ari dira. Kalean ikusten ditugu zaharrekin pasieran, alabaina, ikusezinak dira arrazoi bikoitzagatik: batetik, eguneko ordu gehienetan etxe barruan jarduten dute lanean, eta bestetik, ilegalak dira.
Hein handi batean gure zaharrak zaintzen ari direla esan dugu. Egoera horretara nola iritsi garen jakiteko hiru arrazoi bederen eman ditzakegu: gero eta gizarte zaharragoa gara; orain arteko zaintzailea, bertako emakumea, etxetik kanpo ari da lanean; eta zerbitzu publiko ezari aurre egiteko, familiek irtenbide pribatuak aurkitu dituzte. Carrizoren ustez joko zitala da: “Langile klaseko familiak adinekoa zaintzeko bi aukera ditu, edo senide bat etxean geratzen da, edo kanpokoa kontratatzen du. Kontratatzeko baliabide ekonomiko askorik ere ez dauka, baina batzuetan beste erremediorik ere ez. Etorkinari lan baldintza kaxkarrak eskaintzen dizkion arren, emakumeak onartu besterik ez du, lan horren behar gorria baitauka. Geriatrikoak hilean 3.000 euro balio dezake eta diru horrekin hiru-lau hilabeterako kontrata dezakezu langilea. Langile klaseko familiak daukan irtenbidea norbait zapaltzea da, eta ez edozein, emakume txiroa eta atzerritarra”.
Krisiak atea jo duenetik kontuak beste bide bat hartu du. Balio gutxien izan duten lanak hartzen hasi dira berriro bertako langileak: etxe eta atari garbitzera eta zaintza lanetara itzuli dira. Pentsa liteke hemengo emakumeek atzerritarren lan baldintza berak izango dituztela, baina inkestek eta ikerketek ez diote horrelakorik. Etorkin asko lana egiten duten etxe berean bizi dira. Bertako langileak, agian, hamabi ordu egiten ditu lan egunero, baina bere etxera doa lotara. Litekeena da biek soldata bera irabaztea, aldea dago ordea, lan orduetan. Atzerritarrak astean zazpi egunez egiten du lan eta hemengoak astelehenetik ostiralera. Hainbat familiak adinekoak zaintzeko aurkitu duen formula ondokoa da: bertako langileren bati edo senideren bati ordaintzen zaio astean zehar zaharra zaintzeko eta asteburuetan senideak txandakatuz moldatzen dira. Langile horri oporrak ordaintzen zaizkio, atzerritarrari ez bezala. Adinekoaren zaintzailea etxekoa denean bi diru iturri ere izaten ditu: senideek emandako soldata kaxkarra (Gizarte Segurantzan izena eman gabe) eta Eusko Jaurlaritzak etxekoa zaintzeagatik ematen dizkion 400 euroak. Horrela itxuratzen du hileko jornala.
Berez ere lan baldintza kaxkarrak dituen lanbidean zergatik halako diferentziak bertako eta kanpokoen artean? Carrizok aho bizarrik gabe hitz egin du: “Klase eta etnia kontua da... garbiago nahi baduzu, arrazismoa. ‘Zu eta ni berdinak izan gaitezke, baina zu diferentea zara’. Gainera, konplexurik gabe egiten duzue, zuen parekoari horrelakorik egitea ez zaizue otutzen”.
Tratu txarrak, isilpean
Malen Etxeak, 2006 eta 2007 urteetan, etxeko langileen lan baldintzak aztertzeko 36 atzerritarri inkesta egin zien. 34 hegoamerikarrak ziren eta bi Europa Ekialdekoak. Horietatik 30ek lantokia bizitoki zuten. Inork ez zeukan Gizarte Segurantzarik. Inkesta horiei esker lortu dira, besteak beste, hurrengo orrialdean dauden datuak. Ikuspegi kuantitatibotik kualitatibora jauzi egin nahian, talde horretako hamabost emakumerekin hiru bilera egin zituzten. Haiek kontatutakoen laburpena egiten saiatuko gara ondoren.
Bertakoekiko harremana inoiz ez dela horizontala azpimarratzen dute langileek: nagusia/langilea, sendagilea/gaixoa eta alokatzailea/maizterra, esate baterako. Aisialdirako astirik ez dutenez etxe inguruan dabiltza eta etxekoekin baino ez dituzte harremanak; beraien nagusiekin, zaintzen dituzten haur eta zaharrekin, eta etxeko lanetan ari diren beste langileekin. Etorkinei ez zaie galdetzen jatorrizko herrialdean zein lan egiten zuten, ezta zer egiten dakiten ere. Alabaina, ikasketarik gabekoak gutxiengoa dira. Sarri umiliatuak sentitzen dira. Mahaiaren inguruan eseri ziren hamabost emakumeek honelako adibideak eman zituzten: lurra belaunikatuta garbitu behar izatea; arropa nola zintzilikatu, ohea nola egin edo letxua nola garbitu behin eta berriz azaltzea; zenbat jaten duten kontrolatzea eta azpimarratzea zenbat gastatzen duten beragatik janaritan. Emakume batek, kafea tarteko, nagusiak egindako oihuak kontatu zituen.
Nonbait, langileak kafea egin eta edan zuen, eta nagusiak esan zion kafea garestia dela, berak agindu gabe nola egin zuen horrelakorik, eta txikoria erabili behar zuela.
Sexu jazarpenak ere jasan dituzte, nahiz eta ez dituzten hain erraz kontatzen. Malen Etxeak antolatutako mahai-inguru pribatu haietan, geroko batean, agertu ziren horrelako kasuak. Langileek ezkutuan gordetzen dituzte gertaera horiek, lotsagatik eta lana galtzeko beldurragatik. Behin baino gehiagotan, lana uzterakoan kontatu dute gertatu zaiena, lan hori hartzera zihoanari horrelakorik opa ez zielako. Etorkinek oso barneratuta duten esaldiak sexu jazarpenak ezkutatzen laguntzen du: “Hortara etorri gara, aurpegiratzen diguten guztia jasatera”. Ohikoa da esatea egunerokoan ondo tratatzen dituztela, baina galdetzen hasiz gero, beti daukate diskriminazio adibideren bat.
Sexu jazarpenak bezala, isilean dauzkate jasandako irainak eta tratu txar fisikoak. Emakume batek kontatu zuen zaintzen zuen adinekoak zaplaztekoa eman ziola. Ospitalean zeuden eta bertako langile bat aurrean zela zaintzaileari belarrondokoa eman zion zaharrak. Zaintzaileak zaharraren seme-alabei ez zien ezer esan, baina uste du erizainak zerbait esan ziela: “Gertatutakoa ikusi zuen erizainak zerbait esango zien, zeren zaharrak ez dit eskurik altxatu berriro”. Ugazabek botere handia dute, haien esku baitago atzerritarren eta familien biziraupena eta etorkin horiek erregularizatuta egotea edo ez.
Malen Etxeak, hainbat ikerketa kuantitatibo eta kualitatibo egin eta gero, aurrera begira lantzeko hiru gai nabarmendu ditu: etorkinek etxera bidalitako dirua zertarako erabiltzen duten; itzulera nola antolatzen duten; eta beraien haur eta adinekoak han utzita besteenak zaintzeak emozionalki nola eragiten dien.
Esan dugu bertako jendearekin ez dutela aparteko harremanik. Lana egiten duten etxekoekin dute erlazioa eta aisian haien herrialdekoekin edo beste atzerritarrekin elkartzen dira. Ikuspegik (EAEko Immigrazioaren Euskal Behatokia) ematen dituen datuak gogoan egin digu hausnarketa Carrizok: “Tolerantzia indizeak aldatzen ari dira eta kezkatzekoa da. Gertaera isolatua da, adibidez, Bilboko metroan ostikoka ibili zuten neska paraguaiarrarena, baina horrelakoak ezin dira ahaztu. Euskal gizarteak beti irudikatu izan du immigrazioa hirukoiztuta. Integrazioa zer da, tabernan sartu eta bachata dantzatzea eta couscousa jatea? Hori ez da integrazioa, hori aisialdia da. Sinpatikoak gara zuen lan esparruan, osasun zentroetan eta babes ofizialeko etxebizitzen zozketan sartzen ez garen bitartean. Batzuen eta besteen eskubideez hitz egiten hasten garenean ez dago integraziorik”.