argia.eus
INPRIMATU
Emakume bizkaitar baten bi alabak hil ditu bikotekide ohiak
  • Asteartean hil zituen Castellon (Espainia) 3 eta 6 urteko alabak, eta ondoren bere buruaz beste egin zuen.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 28a
Azaroak 25, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna, Zumaian (Argazkia: Baleike.eus)

Astearte goizaldean larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren gizonak bere buruaz beste egin zuen lekura, eta hilik zela baieztatu ostean, bere etxera igo ziren. Han aurkitu zituzten 3 eta 6 urteko haurrak labankadaz hilda.

Bikotea bananduta zegoen, eta emakumeak salaketa jarria zuen. Babeserako neurriak eskatu zituen arren, ukatu egin zizkioten. Helegitea ere atzera bota zioten, epailearen arabera arrisku maila baxua zelako.

Francisco Fernandez Marugan Espainiako Herritarren Defendatzaileak auziaren gaineko ikerketa abiatu du. Castelloko Audientziako presidente Jose Manuel Marcok ostera, babestu egin du epailea, egoki jokatu zuela argudiatuz.