 
            Urtero ospatzen den Unibertsitate Karpa festa inguruan egindako intentsitate handiko eraso salaketari lotuta, lau gizon atxilotu dituzte eta epaileak asteazken honetan erabakiko du zein egoeratan geratuko diren.
 
                                                Iruñeko festa arrakastatsua egiten den karpa inguruetan, ostiralean 22:00ak aldera, taldean “intentsitate handiko sexu erasoa” egin zioten emakume bati, Udaltzaingoak publiko egin duenez. Horri lotuta, agenteek asteartean lau pertsona atxilotu zituzten eta epailearen diligentzien zain daude. Aldi berean, udaltzainak DNA proben emaitzak itxaroten ari dira.
Poliziak ez du informazio gehiagorik eman, baina Diario de Noticias-en arabera, Media Luna parkean hainbat lagunek erdi-inkontziente aurkitu zuten emakumea, Polizia ohartarazi zuten, eta sexu erasoen protokoloari jarraiki, ospitalera eraman zuten, arreta psikologiko-medikoa jasotzeko.
Gaitzespena
Unibertsitate Karparen antolatzaileek “guztiz gaitzetsi” dute gertaturikoa eta emakumeari “erabateko babesa” adierazi nahi izan diote. “Behar diren neurri guztiak jarriko ditugu martxan, gertatutakoa ongi argitu dadin”.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Talde Feministak ere babesa adierazi dio emakumeari, eta kritiko agertu da festaren antolakuntzarekin: prebentzio eta laguntza neurririk ez zela hartu dio, baieztatu zitzaien arren profesionalak egongo zirela goizeko ordu biak arte. Talde Feministak gehitu du urteetan Karpan egon dela, indarkeria matxisten inguruan informatu eta sentsibilizatzeko, baina lehengo urtean ukatu egin zitzaiela gunean sartzea.
Iruñerriko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, berriz, mobilizazioa antolatu du asteazken honetan, 16:45ean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegi Plazan. “Urgentziazkoa da indarkeria matxistaren aurka indarrak batzea eta erantzun kolektiboak antolatzen jarraitzea”, adierazi du.
7 urteko neska bati eraso egiteagatik zigortuta
Bestalde, 21 urteko gizon bati bost urteko zigorra ezarri dio Baionako auzitegiak, 7 urteko neska bati eta haren amari sexu ukituak egiteagatik. Bokalen egin zien eraso, 2024ko urrian. Fiskaltzak sei urteko zigorra zuen eskatua eta erasotzaileak, aldiz, kargugabetzea.
Emakume bat itotzen saiatzeagatik, espetxera
Indarkeria matxistak ez du etenik. Pasa den igande goizaldean, 40 urteko gizon bat bikotekide ohia itotzen saiatu zen etxeko portalean. Bizilagunek lortu zuten erasotzailea hartu eta apartatzea; emakumea osasun-zentrora eraman zuten.
Hilketa saiakera leporatuta, gizona espetxeratzeko agindua eman du epaileak, astearte honetan. Aurrez, emakumearengandik urruntzeko agindua izana zuen.