Hildako emakumearen semea da atxilotua. Indarkeria matxista kasua dela baieztatuz gero, aurten Euskal Herrian jazotako hirugarrena litzateke.
74 urteko emakumea da hildakoa. Ertzaintzak jakinarazi duenez, igandetik astelehenera bitarteko goizaldean hil da, 03:00ak aurretik. Ordu horretan deia jaso zuen Ertzaintzak, eta bertaratzean gizonezko bat aurkitu zuten kalean, esanez bere etxean pertsona bat hilik zegoela. Etxebizitzan aurkitu zuten emakumearen hilotza, aurpegian kolpe batekin.
Emakumearen semea atxilotu dute, hilketarekin zerikusia duelakoan; 33 urte ditu.
Indarkeria matxista kasua dela baieztatuko balitz, aurten Euskal Herrian jazotako hirugarrena litzateke.
Soraluzeko Mugimendu Feministak gertakaria gaitzesteko deialdia egin du, eta herritarrei eskatu die leihoetara eta balkoietara zapi eta ehun moreak ateratzeko.