Hainbat gizonezkok kaletik jarraitu eta jipoitu egin dute andrea; ospitaleratu egin dute. Ertzaintza eraso matxista ikertzen ari da.
Emakumezko batek salatu du igande goizaldean Gasteizko Batan auzoan erasotu egin zutela hainbat gizonek. Etxera zihoala kaletik jarraitu eta jipoitu egin zutela salatu du. Ospitaleratu egin behar izan zuten kolpeen ondorioz. Salaketa jarri du 30 urteko andreak eta Ertzaintza eraso matxista ikertzen ari da.
Gure Batan Elkarteak gaur, astelehena, 20:00etan elkarretaratzea egingo du Batan Pasealekuan, erasoa gaitzesteko eta emakumeari elkartasuna adierazteko. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak gertaera “oso larria” dela azpimarratu du Twitter bidez eta gogor gaitzetsi du erasoa. Hedabide batzuk erasotzaileen jatorriaren gainean kaleratutako informazioaren harira, alkateak gogorarazi du ezin dela orokortu, pertsonak ez direlako “hobeak edo okerragoak” jatorriagatik, sexuagatik edo erlijioagatik.