Ertzaintzak gizon bat atxilotu du ostegunean Bilboko Deustu auzoan, bikotekide ohiari eraso egin eta erredurak eragitea leporatuta. Emakumea larri dago Gurutzetako ospitalean.
63 urteko gizon bat atxilotu du ostegunean Ertzaintzak Bilboko Deustu auzoan, bikotekide ohiari eraso egin eta erredurak eragitea leporatuta. EFE agentziak informatu duenez, testigantzen arabera, su eman dio emakumearen arropari. Aurpegian kolpeak ere jaso ditu eta larri dago Gurutzetako ospitaleko erredura larrien unitatean.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, emakumea laguntza eskatzen hasi zen, eta horri esker bizilagun batek artatu zuen. Erasoa sufritu duen emakumeak ertzainei jakinarazi die bikotekide ohia izan zela erasotzailea.
Berdintasunaren, Justiziaren eta Gizarte Politiken Sailak gogorarazi du emakumeen eskura dagoela indarkeria matxistaren biktimei informazioa eta laguntza emateko 900 840 111 telefonoa.