Orain astebete neska bat jipoitu eta jende aurrean biluztu ostean, antzeko hainbat kasu azaleratu dira. Ehunka emakume batu dira Keniako hiriburu Nairobin gertaerak salatu eta nahi dutena janzteko eskubidea dutela aldarrikatzeko.
The Guardian egunkariak azaldu duenez, azken erasoa duela astebete gertatu zen Nairobin. Zenbait gizonen artean, emakumea inguratu, biluztu eta lurrera jaurti zuten. Bertako hedabideak jasotako adierazpenetan erasotzaileek esan dute “janzkera lizuna eta probokatzailea” zeramala emakumeak.
Ehunka pertsona irten ziren kalera azaroaren 17an, gehienak emakumeak Daily Nation egunkariak egindako bideoan ikus daitekeenez. Jada 100 pertsona atxilotu dituzte antzeko kasuekin lotuta.
Gertakari honen harira, antzeko erasoen hainbat bideo publikatu dituzte sarean eta horrek, eztabaida sortu du. Twitteren #MyDressMyChoice (Nire janzkera, nire aukera) etiketa erabiltzen hasi dira, emakumeek jasaten dituzten tratu txarrak salatu eta nahi dutena janzteko duten eskubidea aldarrikatzeko.