argia.eus
INPRIMATU
Emakume bat hilda aurkitu dute Tuteran eta haren bikotekidea atxilotu dute Bordelen
  • Urtarrilaren 10ean aurkitu zuten 38 urteko emakumea hilik, indakeria zantzuak zituela. Haren bikotekidea desagertuta egon da, baina astearte arratsaldean atzeman dute gendarmeek Bordeletik gertu, eta berak hil duela uste da. Indarkeria matxistaren urteko lehen biktima litzateke.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 11
Eraso matxista baten aurrean Mugimendu Feministak Bilbon egindako elkarretaratze bat (Argazkia: Ecuador Etxea)

Astelehen goizean, Tuterako Iruñea pasealekuko bere etxean aurkitu zuten hilik Sara Pina Yeregi, indarkeria zantzuekin. 38 urteko emakumearen hilotzak labanaz egindako zauriak zituen.

Noticias de Navarrak publiko egindako informazioaren arabera, Pinaren familiak harekin harremanetan jartzeko saiakerak egin zituen asteburuan, arrakastarik gabe. Emakumeak Castejongo eskola batean egiten zuenez lan, irakasle gisa, zenbait senide haren lantokira hurbildu ziren astelehen goizez. Bertan ere ez zutenez aurkitu, Tuterako Udaltzaingoari ohartarazi zioten haren desagerpenaz. SOS Navarrari kasuaren berri eman ostean, Pina eta haren bikotekidearen etxebizitzara sartu ziren indarrez suhiltzaileak, Udaltzaingoa eta Forunzaingoa. Bertan aurkitu zuten emakumearen hilotza.

Iruñeko Auzitegi Medikuntzako Institutuan egingo diote autopsia. Hasiera batean Tuterako Instrukzioko 1. epaitegia egin zen kasuaren kargu, baina auzitegi bereko bigarren aretoak darama orain, indarkeria matxista kasuetan espezializatua denez gero.

Emakumea indarkeria matxistaren biktima dela pentsatzeko arrazoiak daude. Labankadez hil izana, batetik, eta haren bikotekideak ihes egin izana, bestetik. Astearte arratsaldeko lehen orduan atzeman dute ihes egindako gizonezkoa Bordeletik gertu. 41 urteko gizonak Tausten (Zaragoza) egiten du lan, txerri esplotazio zentro batean, baina astelehenean ez zen lanera agertu. Arrazoi horregatik, Foruzaingoak berau aurkitzeko agindua emana zuen, indarkeria matxistaren hipotesia mahai gainean.

Hala, Pina indarkeria matxistaren ondorioz Euskal Herrian hildako aurtengo lehen biktima litzateke. Iaz, bost izan ziren indarkeria matxistagatik hildako emakumeak, Berriaren Biktimen maparen arabera.

Hilketa matxista salatzeko mobilizazioak

Erriberako M8 plataformak astearte arratsaldean bertan deitu zuen hilketa gaitzesteko elkarretaratzea, 20:00etan Tuterako Foruen plazan.

Asteazkenean aldiz, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta, mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostian 19:00etan bilduko dira Bulebarrean, Gasteizen 19:30ean Andra Mari Zuriaren plazan, Bilbon 19:45etan Arriagan, eta Iruñean 20:00etan Udaletxe plazan.

Zenbait herritan ere ari dira mobiliazio deialdiak egiten.