Astearte eguerdian aurkitu du emakumea hilda Ertzaintzak. Honekin, zazpi lirateke aurten Euskal Herrian indarkeria matxistagatik hildako emakumeak.
Bizilagun batek egindako deia tarteko, Bilboko Ollerietagoiena kaleko 25. zenbakiko etxebizitzara gerturatu da Ertzaintza. Polizia agenteek bertan aurkitu dute Maguette Mbeugouren hilotza, indarkeria zantzuekin.
Ikerketa iturrietan oinarrituta berri agentziek adierazitakoaren arabera, bikotekide zuen gizonak lepoa moztu dio 25 urteko emakumeari, honen bi haurrak bertan zirela. Gizonezkoa Mutrikun atxilotu dute arratsaldean.
Bilboko Udalak gaitzetsi egin du hilketa, eta elkarretaratzea deitu du asteazken goizean, 10:30etan. Emakundek ere elkarretaratzean parte hartzeko deia bultzatu du salaketa egitearekin batera.
Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak manifestazioa deitu du egun berean Bilbon. 20:00etan abiatuko da Atxuri auzoko Enkarnazio plazatik.