argia.eus
INPRIMATU
Emakume bat eta bere hiru seme-alabak etxegabetu dituzte Gasteizen
  • Ertzaintzaren kargak salatu ditu Gasteizko Kontseilu Sozialistak. Hainbat zauritu eragin dituzte, eta gutxienez bi lagun identifikatu.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 17a
Etxegabetzearen unea. // Argazkia: Gasteizko Kontseilu Sozialista

Gasteizko Zaramaga auzoan genero-indarkeriaren biktima izandako emakume bat eta bere hiru seme-alabak etxegabetu dituzte astelehenean. Ertzaintza eta Udaltzaingoaren hainbat patruila bertaratu dira etxe atarira, eta baita Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko eta Kontseilu Sozialistako hogei bat lagun, etxegabetzea salatzeko. Ertzaintza protestan ari ziren kideen aurka oldartu da, eta bigarren karga baten ostean etxegabetzea exekutatu dute.

Kontseilu Sozialistak ertzainek egindako kargen irudiak zabaldu ditu sare sozialetan. Hainbat zauritu eragin dituzte eta gutxienez bi lagun daude identifikatuta.

Etxebizitza Sindikatuko kideek azpimarratu dute emakumeak ostiralean izan zuela etxegabetzearen berri: “Ez dugu hau gelditzeko tarterik izan”. Emakumeak seme-alabekin partekatzen du etxebizitza denboraren zati bat, baina haurren ohiko bizilekua ez denez, ezin izan dute etxegabetzea geldiarazi bertan adingabeak bizi direla argudiatuz.

Sindikatuak salatu du etxegabetutako emakumea “zaurgarritasun egoeran" dagoela. Kaleratze guztiak "berehala etetea" eskatu du kolektiboak. Halaber, nabarmendu du emakumea indarkeria matxistaren biktima izan dela eta jada 2017an ere etxegabetu zutela. Azpimarratu du etxetik bota duten emakumeak hilero ordaindu duela alokairutik berari dagokion zatia.