argia.eus
INPRIMATU
Emakume bat bortxatua izan dela salatu dute Ondarroan
  • Ekainaren 13an emandako gertakaria salatu du Ondarroako (Bizkaia) talde feministak, eta Herrizaingo Sailak salaketa jaso eta gizonezko bat inputatu duela baieztatu du.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 26a
Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna Ondarroan (Argazkia: Ondarroako Udala)

Salaketa jarri duen talde feministaren adierazpenen arabera, herriko jatetxe bateko langilea da erasotutako emakumea. Bortxatua izan zen egunean, lanaldia amaitzerakoan bere bi lankiderekin joan zen zerbait hartzera. Gaizki sentitzen hasi eta etxera joatea erabaki zuen, baina berarekin zeuden bi gizonezkoek alde egitea eragotzi zioten. Ostean zentzumena galdu zuen, eta bere onera etortzean lankideak bera bortxatzen zebiltzan. Emakumeak ihes egitea lortu zuen.

Ondarroako gazte feministak “bortxaketa hau salatu eta erasotzailea herritik botatzeko” mugitzen hastea eskatu diote herritarrei. Ondarroako Berdintasun Kontseiluak eta Udalak adierazpena plazaratu dute, erasoa salatuz eta elkartasun zein babes osoa eskainiaz erasotua izan den emakumeari. Idatzian adierazi dutenez, Udalak eskura dituen errekurtso guztiak martxan jarriko dituzte, eta bigarren biktimizaziorik eman ez dadin bestelako baliabideak eskura jartzeko konpromisoa hartzen dute. Jendarte parekide baten alde lanean jarraituko dutela azaldu, eta herritarrei emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean jarrera aktiboa izateko gonbita luzatu diete.

Erasoa salatzeko elkarretaratzea egingo da asteartean, 20:00etan, Alamedan.

Eraso sexistak asteburuan

Ondarroako erasoarekin batera emakumeen kontrako eraso gehiago salatu dituzte azken egunotan, bata Hernanin eta bestea Gasteizen.

Hernaniko Bilgune Feministak salatutakoaren arabera, herriko jaien testuinguruan, ekainaren 23tik 24rako gauez, eraso larria gertatu da Hernanin. Bilgune Feministak protokoloa martxan jarri du erasoari erantzuteko, eta asteartean, hilak 26, manifestazioa deitu dute. Plaza Berritik abiatuko da 20:30ean.

Bestetik, Gasteizko Mugimendu Feministak eta Judimendiko Jai Batzordeak, eraso sexisten aurkako protokoloa jarraituz, elkarretaratzea egin dute igandean, Judimendi auzoko jaien azken egunean. Jaiek iraun bitartean protokoloa egunero aktibatu behar izan dutela salatu dute. Eta azpimarratu dutenez, eraso larriena larunbatean, ekainak 23, eman zen. Jarrera oldarkorra izateagatik kanporatu egin zuten erasoengatik beste prozesu batzuk irekita dituen erasotzailea.

Gasteizko Udaltzaingoaren jarrera salatu dute, infantilizatu eta hainbat emakume identifikatu dituztelako, beraien hitza zalantzan jarriz. Eta gogorarazi dute Gasteizko jaietan Mugimendu Feministak eraso sexistak salatzeko telefono bat jarriko duela martxan egunean 24 orduz, 688 744 411 zenbakiarekin.