argia.eus
INPRIMATU
Emakume adituen datu basea kazetarien eskura
  • Oso ohikoa da kazetarien informazio iturriak gizonezkoek osatzea.  Ezkutuan diren emakume aditu eta arituak azalera ekarriko ditu Gabiltza Emakume Adituen Biltoki Digitalak.

ARGIA @argia 2015eko ekainaren 19a
115 emakume adituren erreferentzia ditu jasota oraingoz Gabiltzak.

Dagoeneko 115 emakume aditu eta arituren erreferentziak gorde dituzte datu basean. Adituak eta arituak bildu dituzte, izan ere, biltegia prestatu dutenen ustez, akademiatik pasa diren emakumeez gain, lanean, egunerokoan… zaildu diren emakumeak ere hedabideentzat informazio iturri baliagarriak dira.

Hedabideek informazio iturri bila jotzen dutenean lehen lerroan aurkitzen dituzte gizonak, honetaz eta hartaz, iritzia emateko, aurpegia erakusteko prest. Bigarren lerroan dauden emakumeak azalera ekarri nahi ditu Gabiltza biltegi digitalak. Batetik, hedabideak egoera desorekatuaz jabetzea du helburu egitasmoak, eta bestetik, kazetariek egunerokoan tresna gisa erabiltzea.

Berria Fundazioak emandako beka lortu zuten Oihana Etxebarrieta eta Eider Olazarrek, eta haiek jarri dute abian proiektua. Hemendik aurrera Idoia Arraiza arduratuko da webgunearen kudeaketaz.

Erreferentzia ezinbestekoa izan dute The womens room datu basea. UEUrekin hitzarmena sinatua dute, eta beraz, Inguma komunitate zientifikoaren datu baseko informazioa Gabiltzan aurkitu ahal izango da.