Azaroaren 3an Iruñen eltze-jotzea eta protestak egin dituzte herritarrek Alde Zaharrean, Enrique Mayaren udal taldeak zortzi auzoetako elkarteei Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuen (PEKZ) kontratua berritu nahi ez diela salatzeko. Egoera zaurgarrian dauden pertsonei babesa ematen diete PEKZek eta 200 eragileren atxikimendua jaso dute, baita profesionalena eta sindikatuena ere. Navarra Sumak agintzen duen Iruñeko Udalak Coworkids programaren bidez zuzenean kudeatu nahi du zerbitzu hau hurrengo urtean, egun talde komunitarioen bidez egiten diren kontratuak berritu gabe. PEKZak gizarte sareetan errotuta daudela azaldu dute eta ez dagoela arrazoi teknikorik udalak Coworkidsen alde egiteko.
Mayak Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuen kontratua berritzen ez badie zortzi auzoetako elkarteei, hauxe da etengo dena: 0-6 urte bitarteko umeen arazoen detekzioa eta esku-hartzea; jaio-aurreko tratu txarren prebentzioa eta ama gazteak gaitzea eta drogen kontsumoari buruzko lan prebentiboak eta gurasoentzako programak.
716 hezitzaile komunitario bolondres aritu ziren PEKZetan lanean 2019an, eta 32 profesional. Parte hartzeko 402 talde egon ziren aktibo, eta urtean zehar 10.715 herritarrek hartu zuten parte, eta hauetatik 2.781en parte-hartzea finkoa izan zen.
Coworkids programa Zentro Komunitarioetan garatuko litzateke, Civivoxetan eta beste udal eraikin batzuetan. 1,3 milioi euroko aurrekontua izango luke, egun haurtzaro, nerabezaro eta familientzako programetara bideratzen den aurrekondua baino 70.000 euro gehiagorekin, asmoa izanik alor horiek guztiak Coworkids programan txertatzea.
Diario de Noticias-ek kaleratu duenez, halaber, Coworkids marka hori Logroñon erregistratua dago eta marka kudeatzen duen enpresa Iruñeko Udalarekin harremanetan jarri da marka hori erabili ez dezan eskatzeko.
Astearte honetako Eltze-jotzearen irudiak eta Alde Zaharreko elkartearen azalpenak, Ahotsa.info-k egindako bideo honetan ikus daitezke.
Naiz-ek landu du zerbitzu hau zer den eta jaso duten babesa, bi albiste horietan).
Protesta 20:00etan egin zen, hemen uneetako bat:
Iruñeko Udalak hiriko auzo elkarteetako lana izorratu nahi du prebentzio komunitarioko zerbitzuak kenduz. Atzo protesta Alde Zaharrean pic.twitter.com/ZxHgYOsTXJ
— Xabier Letona (@xletona) November 4, 2020