Kolonbiako Gobernuak eta ELN Nazioa Askatzeko Armada gerrillak bake elkarrizketak egingo dituzte Quiton. ELNk zabaldu duenez, urriaren 27an emango diete hasiera.
Horiek abiatu ahal izateko, bahituak dituen pertsonak askatuko ditu ELN gerrilak. Eta Kolonbiako Gobernuak, bere aldetik, preso dauden gerrillaren buruzagi eta militante batzuk askatuko ditu. Izan ere, baldintza horiek izan ziren urriaren 2an hitzartu zituztenak.
Mauricio Rodriguez Kolonbiako Gobernuko delegazio buruak eta Pablo Beltran ELN gerrillako kideak irakurritako komunikatuaren arabera, bake elkarrizketa horietan gizartearen parte hartzea izango da puntu nagusia. Horrez gain, beste bost puntu ere zehaztu dituzte agendan: bakearen aldeko demokrazia, gatazkaren biktimak, bakea lortzeko eraldaketa, ekintza politikoak egiteko bermea lortzea eta segurtasuna eta armak, Berria egunkariak zabaldu duenez.
Kolonbiako Gobernuaren eta FARC gerrillaren arteko akordioari dagokionez, Juan Manuel Santos presidenteak adierazi du galdeketan ezetz esan zutenen proposamenak biltzeko asmoa duela. Horrez gain, akordioa moldatzeko planteamendua aurkeztu du Alvaro Uribe Kolonbiako senatari eta presidente ohiak.
Santos presidenteak gaineratu du Norvegiako Nobel Batzordeak urriaren 7an emandako Bakearen Nobel sariaren dirua “gatazka armatuaren biktimekin zerikusia duten obretarako” erabiliko dutela.