ELN

ELN eta Kolonbiako Gobernua prest dira gizartea hirugarren solaskidetzat duen negoziazio mahaia ezartzeko

  • Hiru hilabeteko atzerapenarekin bada ere, hasi dira ELN Nazio Askapenerako Armada eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake elkarrizketak. Oztopo handiak gainditu behar izan ditu prozesuak, eta duela hilabete haustear zegoela zirudien arren, aurrera egitea lortu du.


2017ko otsailaren 07an - 11:10

2014an hasi ziren gerrilla horren eta Juan Manuel Santosen gobernua lehen kontaktuak edukitzen, eta fase sekretu horrek bi urte iraun zuen. 2016ko martxoan iragarri zuten bake negoziazioei ekiteko agenda bat adostea lortu zutela ondorengo puntuekin: gizartearen parte-hartzea bakearen eraikuntzan; bakerako demokrazia; bakerako eraldaketak; biktimak; gatazka armatuaren amaiera eta akordioaren gauzatzea.

ELNk garrantzi handia ematen dio gizartearen parte-hartzeari, baina oraindik ez dute zehaztu nola gorpuztuko duten hori zehazki, agendako lehen puntua baita. Gerrilla horrek bere borroka gizarte osoaren herri borrokaren zatitzat du, eta ondorioz, ez du negoziazio mahaia bere proiektu politikoa aurrera eramateko aukeratzat. Aukera gizarte osoari eskaintzen dio, hark esan dezan zein eraldaketa diren beharrezkoak egungo Kolonbian; horretarako daude agendako lehen hiru puntuak.

Hain zuzen, FARC-EPk azken lau urteetan Habanan gobernuarekin izandako negoziazioei leporatu zaie gizartearen parte-hartze mugatua eta gidatua izan zela. Gobernuari ere ez zaio gustatzen parte-hartze hori; gaur martxan jarriko duten agenda lortzeko oztopo nagusia gobernuak parte-hartzearekiko erakutsitako errefusa izan da.

Nahita atzeratutako mahaia

Martxoko iragarpenaren ostean, urrian esan zuten, akordio humanitario batekin batera, elkarrizketa publikoak hil horretako 27an hasiko zirela. Ez zen horrela izan gobernuak nahi izan ez zuelako. ELNk atxikita zuen Odín Sánchez parapolitikoa —kongresu kide ohia talde paramilitarrak sortzeagatik zigortu zuten epaitegiek— askatzea exijitu zion gobernuak aldebakarrez, nahiz eta hori ez zen agertzen akordio humanitarioan. Kontrara, ELN betetzen ari zen akordio hori, eta gobernua, berriz, ez. Ez zituen askatu adostutako bi indultatuak, baina gerrillak askatuta zituen momentuz askatu behar zituen atxikitakoak.

Mugimendu horrekin, gobernuak iritzi publikoa ELNren kontra jartzea lortu zuen. Gainera, urrian huts egindako plebiszituaren ondorioz FARC-EPrekin zuen prozesua luzatu zen, eta gobernuak ez zuen nahi inolaz ere bi gerrillekin aldi berean negoziatu. Hala, gobernuaren eta ELNren ordezkariak kontaktuak mantendu zituzten, harik eta urtarrilaren 18an beste akordio humanitario bat lortu zuten arte. ELNk Odín Sánchez askatu zuen iragan ostegunean, eta gobernuak ELNko kide diren bi bake gestore, eta bi indultatu atera zituen kartzelatik.

Akordioa beteta, gaur arratsaldean —hemengo gauean— ezarriko dute negoziazio mahaia. Gizarteak, parte-hartzeaz haratago, berme gisa jokatu beharko du mahai horretan. 2018ko presidentetzarako hauteskundeetan aterako da Santosen ondorengoa, eta ez dago argi mahaia mantenduko duen. Horretarako, Quiton daude Kolonbiako gizarte mugimenduko hamarnaka kide, gizarteak ere bere negoziazio mahaia ezarriko baitu gaur bertan.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: ELN
2023-01-04 | Leire Artola Arin
ELNk ukatu du Kolonbiako Gobernuarekin aldebiko su-etena adostu zuenik

ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]


2023-01-02 | Leire Artola Arin
Su-etena adostu dute Gustavo Petrok eta bost talde armatuk ekainaren 30era arte

Kolonbiako presidentetza hartu zuenetik “erabateko bakea” izan du helburu Petrok, eta 2023 urtea su-etena sinatuta hasi dute herrialdean: ELNrekin, FARCeko disidentziekin, eta zenbait talde paramilitarrekin hitzartu dute. Ekaina amaitu arte egongo da indarrean,... [+]


2022-09-19 | ARGIA
“Erabateko bakerako” elkarrizketak hasi dituzte Kolonbiako Gobernuak eta FARCeko disidentziek

Lehen bilera egin dute ordezkariek Caqueta departamenduan, NBEko eta Norvegiako begiraleekin. “Erabateko bakerako” elkarrizketen bidea ireki dute asteburuan, eta azpimarratu dute beharrezkoa izango dela bi aldeek su-etena errespetatzea bitartean.


2022-02-09 | Ibai Trebiño
FARCeko disidenteak eta ELN, gerra bete-betean

Kolonbia eta Venezuela banatzen dituen mugan, Kolonbiako Arauca estatuan, gerra bortitza piztu da azken hilabeteetan ELNren eta FARCeko disidenteen artean. Baina zer ari da gertatzen? Ideologiaz harago, muga-eremu baten logikatik ulertu behar da gatazka, mugalde estrategikoa... [+]


2020-07-12 | Ibai Trebiño
"ELNk ez du baztertzen AEBetako soldaduekin liskar armatuak izatea"

2019an Ivan Duqueren Kolonbiako Gobernuak bake elkarrizketak apurtu arren, ELN erakundeko gerrilari talde batek bakegintzan lanean dihardu Kuban. Habanatik erantzun dizkigu galderak Askapen Nazionalerako Armadaren Komando Zentraleko kide eta negoziazio taldeko buru Pablo... [+]


Eguneraketa berriak daude