argia.eus
INPRIMATU
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko
  • Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren 18rako, frankismoaren biktimentzat “justizia eta erreparazioa” eskatzeko.

Julene Flamarique 2024ko abenduaren 27a
Erorien Monumentua Javier Bergasa

Nafarroako memoria elkarteek manifestazioa iragarri dute datorren urtarrilaren 18rako, Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteko emandako ezezkoa dela eta. Ekitaldia 18:00etan hasiko da, Askatasunaren plazan, eta Karlos III.a etorbidetik Gazteluko plazaraino egingo du ibilbidea. “Egia, justizia eta erreparazioa izateko frankismoaren biktimen eskubideen defentsan” egingo dute hainbat herritarrek manifestazioa, “berriro ez errepikatzeko bermearekin”.

Eztabaida politikoa eta juridikoa

1942an eraikitako eraikinaren etorkizunari buruzko polemika areagotu egin zen, azaroaren 20an EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik monumentuari beste esanahi bat emateko akordioa egin ostean. Gehiengo osoz onartutako ituna "traiziotzat" jo zuten elkarte memorialistek, eta ziurtatu dute akordioaren edukia ez zutela ezagutu onartu bezpera arte. Harrezkero, Memoria Demokratikoaren Legearen araberako irtenbide bakarra eraistea dela defendatu dute elkarte horiek.

Bestalde, Iruñeko Udalak dio, bere zerbitzu juridikoen txosten batean oinarrituta, lege horrek ez duela behartzen Nafarroan eraikina eraistera. Txostenaren arabera, udalaren hirigintza araudiak indarrean jarraitzen du, eta aldatu egin beharko litzateke prozedura baten bidez: Vianako Printzea Institutuaren txosten loteslea lortu beharko litzateke, eta osoko bilkuran gehiengo osoz onartu.

Udalari kritikak

Urriaren 16an, elkarteek eraisteko eskaera erregistratu zuten, eta akordioa ezagutu eta hilabetera etorri zen ebazpena. Berriki jakinarazi dutenez, Joseba Asironek, Iruñeko alkateak, atzera bota zuen eraisteko proposamena azaroaren 28an. Elkarte memorialisten ustez, ebazpenak ez du motibaziorik, eta udalaren txosten juridikoak Memoria Demokratikoaren Legea “modu okerrean interpretatzen du”. Gogorarazi dute 2022an onartutako araudi hori oinarrizkoa dela, eta estatu osoan ikur frankistak kentzeko betebeharra ezartzen duela.

Elkarteek azpimarratu dutenez, “Erorien Monumentua ikur frankista bat da, eta legeak ez du aurreikusten esanahi berri bat ematea, desagerraraztea baizik”. Era berean, alkateak hirigintza araudia aldatu beharrik gabe eta osoko bilkuran gehiengo kualifikatua lortu beharrik gabe jardun lezakeela diote.

Urtarrilaren 18ko manifestazioak herritarrak bildu nahi ditu monumentua eraistearen alde, eta presio soziala indartu, udalak bere jarrera irauli dezan. “Funtsezkoa da tratamendu uniformea bermatzea giza eskubideen urraketen biktima guztientzat”, argudiatu dute, nabarmenduz legea betetzea ezinbestekoa dela “memoria historikoan aurrera egiteko”.