argia.eus
INPRIMATU
Elkartasuna elikagai
Barakaldoko Gazte Asanbladak jakiak bildu ditu udal etxebizitzak okupatu dituzten familientzako
  • Barakaldoko Gazte Asanbladak jaki bilketa egin du duela aste batzuk Udalaren etxebizitza batzuetan sartu ziren hiru familiei laguntzeko. Ekimen honen bitartez haienganako elkartasuna adierazi eta euren egoera salatu nahi izan dute.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko urriaren 26a
Berri Otxoak kolektiboak kaltetuen egoera salatzeko eginiko protesta (Arg: @BerriOtxoak)

Herrikolore webgunean irakurtzen denez, familia horiek Barakaldoko Murrieta kalean hutsik denbora asko daramaten bi udal etxebizitza okupatu zituzten irailaren 21ean. Gazte Asanbladako kideek egoeraren aurrean Udalak harturiko jarrera gaitzetsi dute: “Egin duten lehen gauza kaleratzea agintzea izan da, elkarrizketarako ez dute tarterik utzi”.

Kaleratze agindua hilaren hasieran tramitatu zen, familiei etxebizitzak uzteko larunbat honetarainoko epea emanez. Egoera hori salatzeko Berri-Otxoak kolektiboa hainbat protesta eta ekimen ari da egiten. Iragan astean, esaterako, udaletxearen aurrean kanpin dendak jarri zituzten, kaleratze agindua betearaziko balitz familiek biziko luketen babesgabetasun egoera eszenifikatzeko.

Halaber, etxegabetzea saiheste aldera, kolektibo horretako kideek aipatu familiekin batera alegazioak aurkeztu dituzte. Haatik, Udalak kaleratze agindua beteko duela berretsi du. “Baikorrak gara, eta gertatzen dena gertatzen dela, borrokan jarraituko dugu”, adierazi du kalteturiko familia baten ordezkariak.

Udalak kaltetuen erroldatze eskaerei muzin egin die

Kaleratze aginduaz landa, hiru familia horiek beste buruhauste batzuk ere badituzte: Barakaldon erroldatzeko arazoak eta horrek dakartzan kalteak, hain zuzen. Berri-Otxoakeko kideek azaldu dutenez, familiek hainbatetan egin dute erroldatze eskaera, baina Udalak “entzungor” egin die. Eta horrek, kolektibo honen aburuz, babesgabetasun egoera areagotu egiten du, erroldaturik egon ezean ezin baitira larrialdi egoeretan eskaintzen diren baliabideak eskuratu.

Egoera horretan, Barakaldoko Gazte Asanbladaren ekimena bezalako elkartasun keinuak bilakatu dira hiru familia horien sostengu. Caritas Bizkaiak, esaterako, familietako bati arropa eta janaria eskuratzeko txartelak eskaintzen dizkio, eta beste biak San Vicenteko jantoki sozialera bideratu ditu.