Facebook sare sozialaren bidez zabaldu du ekimenaren berri Leioako taberna batek. “Sobratu zaizkidan pintxoak utziko ditut leihoan egunero, gaueko 11etatik aurrera. Momentu txarra pasatzen ari den norbait ezagutzen baduzue, duda barik har ditzala. Graziosoak eta bihurriak: ez itzazue hartu, zinez behar duen jendea dago-eta”.
Gutxien dutenak pobretu, eta gehien duena aberasten ari den mundu mailako krisia pairatzen ari dira herritarrak. Krisi ekonomikoaren aitzakiapean, prekarietatea eta pobrezia handitzen ari da herritarren artean, datuek ziurtatu dutenez.
Leioakoa ez da adibide bakarra. Argentinako San Miguel de Tucumán herrian ere elkartasun ekimena jarri dute abian: izozki-saltzaile soziala. Proiektuaren bultzatzaileak taberna bateko langileak ziren, eta sobratutako janari gehiena zakarretara botatzen zuten. Gau batean, tabernako jabeek gizon bat ikusi zuten bere semea kontainerrera sartzen janari bila.
Orduan jarri zuten martxan izozki-saltzaile soziala; ez dituzte, ordea, izozkiak oparitzen, beraien tabernan prestatutako janaria baizik. “Ez dugu inolaz ere txarra egon daitekeen janaririk jartzen. Guk prestatutako janaria da, akats bategatik, edota bezeroen gustura prestatuta ez daudelako, aprobetxatu ez dena”.
Seguru asko berri hau irakurtzen dutenek pozgarritzat joko dituzte horrelako ekimenak, eta zoriondu egingo dituzte horrelako ekimenak abian jarri dituztenak, eredu direla nabarmenduz. Krisiaren erdian ere badela argi-izpirik pentsatuko dute, herritarren arteko elkartasuna beharrezkoa dela momentu zail horietan. Herritar horiek, ordea, beraien etxean afalduko dute goxo-goxo, eta soberan geratu dena zakarretara botako dute ziur asko. Zergatik ez jarraitu eredu hauek gure etxeetan ere?