argia.eus
INPRIMATU
Elkartasun ekonomikoa Eliseo Gilekin

Hainbat egile* 2021eko maiatzaren 05

Jakina denez, Eliseo Gil Zubillaga, Iruña-Veleiako aztarnategiko zuzendaria izandakoa, grafitoak faltsutzearen errudun jo zuen Gasteizko zigor-epaitegi batek 2020an. Bi urte eta hiru hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zioten eta zenbait diru-zigor ere bai, 15.000 euro inguru denera. Duela gutxi jaso du diru-zigorra berehala ordaindu behar duela ohartzen dion autoa. Esan beharra dago Eliseo Gilek babes helegitea aurkeztua duela Konstituzio Auzitegiaren aurrean.

"Dei egiten diogu gaiarekin sentibera den pertsona orori elkartasuna erakutsi diezaion Eliseo Gili eta bere ekarpentxoa egin dezan"

Sententzia guztiz bidegabea izan dela pentsatzen dugu, epaiketan ez baitzen frogatu grafito bakar baten faltsutasuna ere, eta ondorioz are gutxiago Eliseo Gilen autoretza. Urte luze hauetan gaia hurbiletik jarraitu dugunok garbi ikusi dugu zer nolako bidegabekeria egin den gure kultura ondarearen zein pertsona batzuen kontra. Zeintzuen delitu bakarra aurkikuntza harrigarri bat egitea izan den.

Honengatik guztiagatik, eta haren diru-egoera larria ezagututa, dei egiten diogu gaiarekin sentibera den pertsona orori elkartasuna erakutsi diezaion Eliseo Gili eta bere ekarpentxoa egin dezan diru-zigorra ordaindu ahal izateko. Hau dela eta eskatzen dugu bakoitzak ahalbait lehen sar dezala nahi duen kopurua ondorengo kontu korrontean:

Laboral Kutxa: ES0330350056430561220095 (Unzalu-Fontaneda-ren izenean dago, titularren deiturak). Bilketaren bilakaeraren berri emango da sarri-sarri ondorengo blogetan: Ama Ata, Iruña-Veleia Martxan eta Iruña-Veleia, gezurra ala egia.

Milesker!

* Eskariaren elkarte sinatzaileak:

SOS Iruña-Veleia,

Iruña-Veleia Martxan,

Martin Ttipia