Asiako herrialde gehien-gehienak bertan izateak oso izaera eta giro berezia ematen diolako, eta hedabide-estaldura ere halakoa duelako, aparteko sona lortu du hogei urteren buruan IISS-International Institute for Strategic Studies britainiarrak Singapurren antolatzen duen Asia Security Summit-ak.
Elkarrizketarako sortua dela dio ofizialtzat har dezakegun izenburuak: Shangri-La Dialogue.
Urtero udaberri-hondarrean Singapurren mintzaleku duen hotelaren izenak ematen dion kutsu esoteriko samar horrek lagunduta edo, baina Asiako herrialde gehien-gehienak bertan izateak oso izaera eta giro berezia ematen diolako, eta hedabide-estaldura ere halakoa duelako, aparteko sona lortu du hogei urteren buruan IISS-International Institute for Strategic Studies britainiarrak antolatzen duen Asia Security Summit-ak. Eta garrantzi mailan azpiratuta utzi ditu aurrekari lituzkeen Halifax International Security Forum (Washington, AEB) edo Munich Security Conference-a (Alemania).
Egiari zor, monologoak ilaran jarriz elkarrizketa egiten ez bada ere, uniformedun eta kidekoen arteko solas-asmo horretarako eratu diren ekitaldien artean bere helburu teorikora gehien hurbiltzen dena izateak ere izango du zerikusia Shangri-Laren arrakastan.
Aurtengora arte. Aieru makurrekin abiatu zen Trump 2.0 aldiko lehen topaketa. Hastear zenean, Pekinek iragarri zuen Dong Jun Defentsa ministroa ez zela aurtengo ekitaldian izango. Ez zen itxura-kontu hutsa: Shangri-La bilkuraren enbor bilakatu da munduko bi potentzia nagusietako Defentsa arduradunen arteko zuzeneko solasa. Iaz denek ebatzi zuten Dong beraren eta Lloyd Austin, AEBetako Defentsa idazkariaren arteko aurrez aurrekoa eredugarria zela. Eta lasaigarria, 2023an elkarri bostekoa ematera besterik ez baitziren iritsi Austin eta Li Shangfu, Dongen aurrekoa. Aurten, halakorik ere ez.
Ekitaldia hasi eta Peter Hegseth-ek, Trumpen Defentsa idazkariak, bilduen aurrean hitzaldia egin zuenean, nahiko argi geratu zen zeri aurrea hartua zion Dongek: balizko solaskideak ez zekarren elkarrizketa asmorik. Ez horixe. Harenga-generotik hurbilagoko zerbait izan zen Hegsethena, bertan zirenei deiadar eginez, aurre egin ziezaiotela berehala gainean izango omen duten mehatxu txinatarrari. Haietako askok Txinarekin era guztietako hartu-emanak (baita militarrak ere) badituztela gogoan izan gabe, antza.
Berez, bazirudien aspaldi gabe Fox News-en zituen bere entzuleentzat ari zela, Shangri-Lan zeudenentzat baino gehiago. ASEAN (Hego-Ekialdeko Asiako Nazioen Elkartea) zer zen ez zekienak erraztasun gehiegitxo eskaini zizkien bertan ziren enegarren mailako ordezkari txinatarrei.
Protagonista nagusiak izan behar zutenek utzitako hutsunea betetzeko aukera zuen aurtengo gonbidatu nagusia zen Macronek, Frantziako presidenteak, baina inor gutxik hartu du aintzat haren hitzaldi moldaerraza. Elkarrizketarako, prestasuna ez ezik zeresana ere eduki behar baita.