argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratzeak Sahara libre baten alde
  • Euskadi Sahara Mugimenduak Fronte Polisarioaren EAEko ordezkaritzaren laguntzarekin antolatu ditu mobilizazioak asteburu honetan euskal hiriburuetan eta 30 bat herritan. Mendebaldeko Saharako gatazkaren aurrean erakutsi duen "arduragabekeria" leporatu diote Espainiako Gobernuari. 

     

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko azaroaren 23a
OƱatiko elkarretaratzea. Argazkia: Jone Markuleta.

Euskadi Sahara Mugimenduak antolatuta mobilizazioak egin dira EAEko hiriburuetan eta hainbat herritan, Sahara libre baten alde. Ehunka pertsonek hartu dute parte mobilizazioetan eta argi utzi nahi izan dute Mendebaldeko Sahara askatzeko bidean erreferenduma egin nahi dutela. Une honetan, Marokoren jarrera salatu dute, besteak beste Sahara Errepublika Arabiar Demokratikoko lurralde okupatuetan herritarren aurkako errepresioa areagotu dutelako.

Su-etena 1991tik zegoen indarrean, baina azken hilabeteetan tentsioa areagotu da bi herrialdeen artean. Maroko gero eta biztanle gehiago eramaten ari da Mendebaldeko Saharara, bere inbasioa sendotzeko. Nazio Batuen Erakundeak ez du oraindik onartzen Mendebaldeko Sahara Marokorena denik, baina saharar herria duela 25 urtetik erreferendumaren zain dago erabakitzeko eskubidea gauzatzeko. 

Espainiako Gobernuari bi gauza eskatu dizkiote asteburuko mobilizazioetan: deskolonizazio prozesuari berriz heltzeko eta erreferenduma bultzatzeko. Frantziak eta AEBek Marokori laguntzen diotela salatu dute protestalariek.