Pasa den ostegunean emakume batek salatu zuen sexu erasoa gaitzetsi dute Santurtziko bizilagunek Udaletxe aurrean. “Erasorik ez erantzunik gabe” lelopean, emakumeek aske izateko duten eskubidea aldarrikatu dute beste behin.
Ehun herritarretik gora bildu dira igande eguerdian Santurtzin, indarkeria matxistari ezetz esan eta aurreko astean gertatutako indarkeria kasua gaitzesteko. Ostegunean 35 urteko gizon bat atxilotu zuten, bere bikotekideari eraso egitea leporatuta. Erasoa jasan zuen emakumeak adierazi duenez, ez zen indarkeria pairatzen zuen lehen aldia izan.
Protestan elkartu diren emakumeek adierazi dute emakumeen aurkako edozein kasuren aurrean “tinko” eutsiko dietela eta indarkeria guztiak salatuko dituztela: “Hemen gaude salatzen denean, salatzen ez denean, eguneroko edozein erasori aurre egiten diogunean, etxean gertatzen dena ez delako etxean geratzen, eta kalean gertatzen dena guztioi gertatzen zaigulako”. Kaleko erantzuna ere “oso garrantzitsua” dela berretsi dute, indarkeria matxistaren ondorioz emakumeei duin bizitzeko eskubidea urratzen zaielako.