Zornotzako Udalak eraso homofoboa gaitzesteko oharra kaleratu du, eta astelehenean 18:30ean udal plazan egingo den protestara deitu dituzte herritarrak. Udalak eman du erasoaren berri, eta Ertzaintza ikertzen ari da gertatutakoa.
“LGTB+ kolektiboaren aurkako indarkeria pertsona horien duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da; ondorioz, giza eskubideen urraketa larria eta onartezina da”. Zornotzako Udalak ohar batean salatu du asteburuan herrian egindako eraso homofoboa, eta “edozein indarkeria mota” gaitzetsi dute.
Halaber, herritarrak deitu dituzte astelehenean udaleko plazan elkartzera 18:30ean, erasoa "irmoki" salatzeko. Ez dute informazio gehiagorik eman gertatutakoari buruz, baina Ertzaintza erasoa ikertzen ari da.