Durangoko Sarek elkarretaratzea deitu du azaroaren 18an, 19:30ean, Andra Mariko elizpean. Etxerat-ek jakinarazi du Gregorio Vicario Durangoko presoa Burgosko espetxetik Leongo ospitalera eraman dutela bypass koronario bat jartzeko ebakuntza egin ahal izateko.
64 urte dituen Gregorio Vicario euskal preso durangarrak eta Leongo ospitalean da, bypass koronario bat jartzeko ebakuntzaren harira. Presoaren egoera salatzeko eta etxeratzea eskatzeko elkarretaratzea eginen dute arratsalde honetan Durangon. Hitzordua 19:30ean Andra mariko elizpean jarri du Durangoko Sarek.
Denbora batez bularraldean mina izan ondoren, bere gaitzarekin lotutako lehen abisua 2020ko maiatzean eman zuen, Topaseko espetxean zegoela. Ospitaleko errebisio baten ondoren, kartzelara itzuli zuten. Burgosko espetxean egon den denbora honetan, Vicario Setien larrialdietara eraman zuten urtarrilean eta otsailean, mina eta zorabioak izateagatik. Joan den martxoan kardiologiako kontsulta bat izan zuen, ekainaren 17an esfortzu-proba bat egiteko itxaron-zerrendan zegoela baieztatu baitzioten. Urriaren 26an egin zioten proba hori Burgosko Ospitaleko Medikuntza Nuklearreko Departamentuan, eta euskal presoari hedadura handiko iskemia larria antzeman zioten. Bere egoera larria zela eta, joan den azaroaren 3an kateterismo bat egin eta stent bat jarri zioten.
Preso durangarrak 64 urte ditu eta Etxerat-ek zehaztera eman duenari segi, 22 urte geratzen zaizkio espetxealdia betetzeko. Euskal Herriko presondegi batera eramateko hainbat ukapen jaso dituela salatu du Etxerat-ek. Adibidez, joan zen uztailean Burgoseko espetxean gelditzea agindu zuen Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak, Tratamendu Batzordeak Euskal Herriko espetxe batera lekualdatzeko hartutako erabakiaren kontra eginez. Presondegian mantentzeak "apurka-apurka presoaren osasunaren apurtzea dakarrela" salatzen du Etxerat-ek. Hori horrela, presoari eta honen familiari elkartasuna adierazteaz gain, ondokoa eskatzen dabil: "Espetxe-administrazioari eskatzen diogu berehalako irtenbide humanitarioak har ditzala, Gregorio Vicario espetxetik ateratzeko edo espetxeratze arindua egiteko, baita gaixotasun larriak dituzten beste hemeretzi euskal presoei ere neurri bera aplikatzeko ere".
Espainiako Espetxe Erakundeek jakinarazi dutenez, beste lau euskal preso ekarriko dituzte Euskal Herriko kartzeletara: Santi Aragon Logroñotik Martutenera ekarriko dute; Juan Karlos Herrador, El Duesotik Basaurira, eta Josu Ginea eta Iker Lima, berriz, Leondik Basaurira.