argia.eus
INPRIMATU
Elkarretaratze jendetsua Laudion, “euskararen aurkako oldarraldiaren” kontra
  • Elkarretaratze jendetsua egin dute Laudion Euskalgintza Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, hizkuntza eskakizunen gaineko epaiak salatzeko. Epaileek "euskararen aurkako oldarraldia" abiatu dutela adierazi dute, eta horren aurrean batasunez erantzuteko deia luzatu dute.

Aiaraldea @aiaraldea Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko otsailaren 07a

Elkarretaratze jendetsua egin dute Euskalgintza Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak gaur eguerdian Laudioko Herriko Plazan. Alea komunikabideak aste honetan argitaratutako albisteari erantzun irmoa eman diote horrela.

Asteartean azaleratu zen notizia: Epaile batek euskara "zaila" dela argudiatu du Laudioko Udaleko hizkuntza eskakizun bat saihesteko.

Epaia aurrekari arriskutsutzat jo dute gaurko elkarretaratzean. "Euskaraz bizitzearen alde, batuz" lemapean mobilizatu dira. Botere judiziala euskara arautzen ari dela salatu dute, eta batasunez erantzuteko deia luzatu dute, epaileek abiatutako "euskararen aurkako oldarraldiaren" aurrean.