"Gida honen helburu bakarra herri bakoitzean neurri zehatzak plantan ematen laguntzea da, herri bakoitzak hautatzen dituenak, emazte eta gizonen arteko harreman hobea biziarazteko", dio Martine Bisauta Ekologia eta Energia Trantsizioaren eta Hirigune Herritarraren lehendakariordeak, Euskal Elkargoak plazaratutako gidaren aitzinsolasean.
"Baldin eta, kolektiboki kontuan hartuko bagenitu Ipar Euskal Herrian bizi diren 160 000 emazteak", idatzi du Bisautak. "Baldin eta, jasaten dituzten desberdinkeriak aitortzen bagenitu, bai eta gure hirien, gure hornikuntzen eta gure leku publikoen antolaketak jasanarazten dizkien bereizkeria ezkutuzkoagoak... Baldin eta, onartzen bagenu enpresa mundua, kirol mundua bai eta politikoa ere, gizonen esku direla oraindik neurri handi-handi batean... Baldin eta, Elkargo osoak ekinen balio tokiko bizitzan, berdintasunaren erronkari? Baldin eta, asmo onez, ororentzako eskubide eta justizia nahi bati jarraikiz, mahaia hankaz uzkailtzen bagenu? Baldin eta, lurralde honetan, elkarrekin lortzen bagenu emazteak entzunago izan daitezen, hitza hartzea sistematikoki erraztuko bagenie, herri guzietan Berdintasunerako Batzordeak ezartzen balira, gure kolektibitateetan langile emazteek duten egoerari bereziki adi bagina! Baldin eta... bai!!!".
Hamaika ekintza
Bost ataletan banatutako hamalau fitxa sortu dituzte, dozenaka ekintza bildu dituztenak. Tartean dira, besteak beste, Tokiko Bizian Emazteen eta Gizonen arteko Berdintasunaren Aldeko Gutuna sinatzea; hautetsi erreferentea izendatzea; Herriko Etxean batzorde bat sortzea, herritarrak bilduko dituena erreferente den hautetsiaren zuzendaritzapean; leku publikoetan mistotasuna faboratzea; emazteei dagokien ikusgarritasuna itzultzea (karriken izenak, komunikazio euskarrietan agertzea...); emazteei egin indarkerien aurkako borrokarako tresnen berri ematea; tokiko ekitaldietan gerta litezkeen sexuzko indarkerien aurka borrokatzea; berdintasuna haur eta gazteen harlekuetan; eta emazteei kirol eta kultura jardueretan aritzeko bidea erraztea.
Gida praktiko hau Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko kide den EBA koordinazio feministaren ekimenez sortu zen. Berdintasunerako Elkargoz Kanpoko Batzordean landu dute, Euskal Elkargoak bere egin arte.