argia.eus
INPRIMATU
Elizondoko osasun etxeko zerbitzuak “ziurgabetasun handia” eragiten diela salatu dute
  • Irailetik mediku euskaldunik gabe daude Elizondoko (Nafarroa) herritarrak. Horrez gain, udan medikurik gabe geratzearen beldur da Baztango Osasun Plataforma. Ekainaren 4an, bizikleta martxa egingo dute herrian.

Olaia L. Garaialde 2025eko maiatzaren 16a
Joan den apirilaren 3ko elkarretaratzea. Baztango Osasun Plataforma

Ehun lagun baino gehiago biltzen dira hilabetero Elizondoko osasun etxearen atarian. Hilabeteak daramatzate kalitatezko osasun arreta publikoaren eta duinaren alde borrokatzen. Baztango Osasun Plataformako Belen Belarrak nabarmendu du “gogotsu” eta “indartsu” daudela. Ekainaren 4an, 19:00etan eginen duten elkarretaratzeaz gain, 18:00etan bizikleta martxa bat eginen dute: “Zerbait handiagoa eta ikusgarriagoa egin nahi dugu”.

2024ko urritik eskakizunak ez dira aldatu: dagozkien osasun langileen ratioak betetzea, langileen oporrak eta bajak ordezkatzea, langile euskaldunek artatzea eta langileen egonkortasuna bermatzeko neurriak hartzea eskatzen dute. Berez, hiru mediku eta pediatra bat eta erdi izan beharko lituzkete, baina egun, lanaldi erdi bat bete gabe dago pediatrian: “Momentu honetan ez gaude udan bezain gaizki, baina medikuek ez daukate familia mediku espezialitaterik”. Horrez gain, iazko udan bezala mediku bakarrarekin geratzearen beldur dira: “Ez dago profesionalik udako oporrak betetzeko. Iazko abuztuan mediku bakarra izan genuen, eta beste herrietatik etorritako medikuekin adabakiak jarri zituzten”.

Gainera, orain dauden langileek ez dute behin betiko kontraturik; hala ere, maiztasunez berritzen diete kontratua. Horrek “ziurgabetasun handia” eragiten diela esan du Belarrak: “Konfiantza osokoa izan behar da medikua. Horrekin batera, medikuak jakin behar ditu zure historiaren nondik norakoak, zer gertatzen zaizun, nor zaren…”. Salatu du ere irailetik ez daukatela mediku euskaldunik: “Ezinezkoa da mediku euskalduna lortzea”. Arratsaldetan, larrialdiko zerbitzua eskaintzen duten langileen artean ez dago mediku euskaldunik ezta.

Zaintza eta babes gabe

Belarrak nabarmendu du inguruko herrietan ez dagoela horrelako aferarik, eta ez dakitela ongi zergatik jendeak ez duen Elizondon lan egin nahi. Hala ere, argi dute borrokan jarraituko dutela gutxieneko eskakizunak lortu arte: “Belateko tuneletatik pasatzean ematen du ez garela existitzen. Mendia oso polita da, baina gero zerbitzuak eskaintzeko ez. Hona etortzea asteburua edo oporrak pasatzera ongi, baina egunerokoan bizi garenak ez gara babestuak eta zainduak sentitzen”.

Osasun zerbitzua ez da arazo bakarra. Sentitzen du gero eta gazte gehiago joaten direla kanpora bizitzera, eta herriko biztanleria zahartzen ari dela: “Jende gaztea joaten da eta belaunaldi bat galtzen dugu. Gainera, gero eta zerbitzu gehiago behar ditugu adineko jendearentzat”. Zaharrak dira gehien gerturatzen direnak elkarretaratzeetara: “Zerbaitengatik izanen da”.