Greban dira Benito Menni egoitzako langileak joan den abuztuaren 25etik, irailaren 8ra bitarte. Hermanas Hospitalarias enpresak agindutako kaleratzeen eta unitate itxieren aitzinean, Nafarroako Gobernuak ez duela arduratsuki jokatzen ari salatu dute.
Joare eta megafono hotsak, Nafarroako Gobernuko eskubide sozialen eraikin aitzinean. Baztango Benito Benni zahar etxeko beharginek Iruñera zabaldu dute protesta. Hermanas Hospitalarias enpresak nafar herritarrei eskaintzen dien zerbitzuaren endekapen etengabeaz ohartarazi dute, eta langileen lan baldintzen okertzea salatu. Izan ere, Elizondoko zentroan mugitzeko autonomia duten pazienteen unitatea ixteko xedea agertu zuen joan den azaroan, Nafarroako Gobernuko onespenarekin. Hori dela eta, deialdi batetik bestera, hirurogei greba egun metatu dituzte orotara beharginek.
Langileen komiteak kritikatu duenez, neurri horrek enpresaren «errentagarritasuna handitzea» besterik ez luke helburu. Horrekin batera gaineratu dute, Nafarroan osagarri mentaleko arazoak dituzten herritarrak zaintzeko baimena duen egitura bakarra dela Hermanas Hospitalarias, eta horrek «monopolio» izaera ematen diola, «zerbitzuen kalitatearen gainetik, negozioa lehenesten» baitu. Ez dute zilegi ikusten diru publikoa gisa horretako enpresa bat kontratatzeko baliatzea, eta horregatik zerbitzua publiko egitea galdegiten dute, langileen lan baldintzak hobetu, eskualdeko despopulazioari aurre egin eta kalitatezko zaintza zerbitzua eskaini ahal izateko.
"Baztango enpresarik handiena"
Oroitarazi dutenez, gaur-gaurkoz zahar etxe horretako langile gehienak emakumeak izateaz gain, «Elizondoko eta Baztango enpresarik handiena» da. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuarekin harremanetan ezarri ziren, zentroaren berezitasunak aitortuak izan daitezen eta publiko izendatu dadin. Duela hilabete batzuk 164 paziente artatzeko gaitasuna zuen Benito Menni egoitzak, hiru unitatetan sailkaturik: patologia mistoko unitatean, 65 urtera arteko pertsonen unitatean eta mugitzeko askatasuna zuten erabiltzaileentzako bizikidetza-unitateak zituztenentzako unitatean. Hain zuzen, azken hori da itxia izan dena. Bertan aterpetzen ziren pazienteak Iruñeko Aita Menni egoitzaren eta Elizondoko beste unitateen artean birkokatu dituzte.