argia.eus
INPRIMATU
Elizaren pederastia kasuak salatu zituzten kale artistak identifikatzeko eskatu du epaile batek
  • Abokatu Kristauak elkarteak jarritako salaketaren ondoren, Donostiako Instrukzioko 1. zenbakiko Epaitegiak diligentziak irekitzeko agindu du, otsailean hainbat artista ezezagunek egindako afixa dela eta. Epaitegiak Ertzaintzari eskatu dio iker dezala kartelaren egileak nortzuk diren, eta markesinen jabe den enpresak ba ote zuen kartelaren edukiaren berri.

Irutxuloko Hitza @irutxulo 2023ko martxoaren 23a
Amarako Askabide klinikaren ondoan agertu zen kartela, abortuaren kontrako protestak hasi ziren egun berean. Argazkia: Irutxuloko Hitza

Kartelak amaren sabelean dagoen haur baten irudia ageri zuen, eta honako galdera hau egiten: “Orain abortatzen baduzu, nori joko diogu larrua 5 edo 6 urte barru?”. Gotzainen Batzarraren logotipoa zeraman kartelak. Abokatu Kristauek salatu dute hiru delitu egotz diezazkieketela: gorroto delitua, sentimendu erlijiosoen aurkako delitua eta egoera zibila usurpatzea

Markesinako kartel hark egundoko oihartzuna izan zuen sare sozialetan, eta, egileek oharrik publiko egin ez bazuten ere, abortuaren kontrako protesten harira egin zuten arte ekintza. Izan ere, Amarako Askabide klinikan ohikoak diren protestak berrabiatu zituzten ultra katolikoek, emakumeen oinarrizko eskubidea den abortuaren kontra.

Liskarrak egon dira maiz ultrakatolikoen eta emakumeen artean, presio eta mehatxuetara iritsi direlarik. Iaz, hain zuzen, abortu kliniken ondoan protesta egitea debekatu zuten auzitegiek.