argia.eus
INPRIMATU
Eliza katolikoak immatrikulatutako 174 ondasun ikertu dituzte Nafarroan, jabetza publikoa aldarrikatzeko
  • Nafarroako Gobernuaren eta Udal kontzejuen Federazioaren arteko ikerketan 26 udalerritako ondasunak aztertu dituzte, eta 79 ondasunetan aurkitu dituzte titulartasun publikoaren zantzuak. Ikerketak, gainera, legezko neurriak hartzeko aukera zabaltzen du.

Maria Ortega Zubiate 2025eko azaroaren 28a
Elizako immatrikulazioak berreskuratzearen aldeko protesta, Iruñean. Europa Press

Nafarroako Gobernuak 2021ean kaleratu zuen datua: Eliza katolikoak ia 3.000 ondasun immatrikulatu zituen 1900 eta 2015 artean, horietatik asko lur komunalak. Orain, Udal Kontzejuen Federazioak eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Sailak ikerketa abiatu dute, eta asteazkenean jakinarazi dituzte lehen datuak: 26 udalerritako 174 ondasun aztertu dituzte, eta horietako 79tan aurkitu dituzte “zantzu historikoak” ondasun horiek jabetza publikokoak zirela egiaztatzeko. Frogek ahalbidetzen dute ondasun horien jabetza erreklamatzeko aukera.

Jabetza guzti horiek “errekuperatuko” dituen bidea izan nahi du ikerketak, horrela adierazi du Jose Maria Aierdi Landa Garapeneko sailburuak asteazkeneko aurkezpenean. Azaldu duenez, Nafarroako Gobernua prest dago ikerketatik aterako diren bide judizialak ekonomikoki laguntzeko.

Aurkitutako 79 ondasun horietatik 21 kasutan aurkitu dituzte frogak, hain zuzen ere, jabetza horiek komunalak zirela ziurtatzeko; gainontzeko 58etan “zantzuak” aurkitu dituzte, momentuz. Ondasun horiek ez dira soilik eraikin erlijiosoak, ermitak eta parrokietako etxeez gain, bordak, ortuak eta landak ere badaude. Adituek azaldu dutenez, aipatutako ondasunak Jose Maria Aznar Espainiako presidentearen garaiko lege batek ahalbidetu zituen, 1998ko Hipoteka Legeak; lege horrek eman baitzizkion eskumen gehiago Eliza katolikoari, eta immatrikulazioak azkartu zituen.

Aipatutako aurkikuntza ikerketaren lehen fasea baino ez da. Ikerketa, berez, zabalagoa da; izan ere, 139 udalerritan ari dira ondasunak ikertzen. Kaleratutako datua ikerketaren zati txiki bat baino ez da. Alegia, guztira 921 ondasun daude ikertu posibleen artean. Hori horrela, Eliza katolikoak immatrikulatutako ondasunen herena inguru daude ikertuen artean. Hori kontuan hartuta, Xabier Alcuaz Tafallako alkate eta Udal kontzejuen Federazioko lehendakariak Nafarroako gainontzeko udalerriei gonbita egin die ikerketan parte hartu dezaten.