argia.eus
INPRIMATU
Elikagaien banaketa sareei barazki freskoak ematen dizkie Lekitto Bedarra proiektuak
  • Lekeition auzolanean ortua lantzen duen Lekitto Bedarra proiektuak ekimen hauxe jarri du martxan koronabirusak eragindako egoeran: ekoizten dituzten barazkiak herriko laguntza sareen bidez zabaltzen dituzte.

Garazi Zabaleta 2020ko abuztuaren 27a

2013an jarri zuten martxan Lekeitioko hainbat lagunek Lekitto Bedarra proiektua. “Espekulazio arloan proiektu asko zeuden hemen, eta horri aurre egiteko alternatiba moduan sortu genuen taldea”, azaldu du Julian Arrate kideak. Lekeition ortugintza tradizio handia zegoenez, herritarren ortua martxan jarri eta jakintzak elkarbanatzeko espazio bat egitea zen asmoa. Urteotan auzolanean funtzionatu dute, eta orain, koronabirusak eragindako egoeraren aurrean egitasmo berri bat jarri dute martxan: barazkiak ekoizten ari dira Lekeitioko laguntza sareen bidez behar gehien dutenei helarazteko.

110 kilo barazki banatuak

Hamar bat lagun dabiltza Lekitto Bedarra proiektuaren bueltan. Orain arte, herritarren ortuan ekoizten zituzten barazkiak auzolanean aritu zirenen artean banatzen zituzten, edota laguntza eskaintzen zieten inguruko komertzioei. Baina koronabirusak eragindako egoeraren aurrean Lekittarrok Zaindu sarea martxan jarri zen herrian, eta ortuko barazki freskoak beste bide batetik banatu zitzaketela bururatu zitzaien taldekideei. “Herrian sortu zen laguntza sare horri gure ekarpena nola egin geniezaiokeen pentsatzen jarri ginen, eta bururatu zitzaigun ortuan ekoizten dugun generoa beraiei ematea”, dio Arratek.

Elikagaien bankua Gurutze Gorriak kudeatzen duenez, haiei bideratu zieten baratzetik ateratzen zutena. “Elikagaien banaketetan batez ere kontserbak, pastak eta horrelakoak izaten dira, eta ez da genero freskorik izaten. Bertako arduradunek esan ziguten oso ongi zetorkiela gure barazkiak jasotzea, jendeak gauza freskoak asko eskertzen dituelako”. Herriko Ama Domingotarren elkarteak ere elikagaien banaketa egiten zuela jakinda, beraien bidez ere hasi ziren ortuko barazkiak banatzen. Bi elkarteei hamaika alditan egin dizkiete ekarpenak, aldi bakoitzean hamar kiloko saskiak helaraziz: guztira 110 bat kilo barazki fresko banatu dituzte, beraz.

Elkartasunerako lurra salgai

Arratek azaldu duenez, proiektuko kideen konpromiso maila handitu egin da egitasmo hau martxan jartzerakoan. Izan ere, lehenago nahiko modu librean aritzen ziren, baina orain ekoizten ez badute ezin diote elkarteekin hartutako konpromisoari aurre egin. Horregatik, astean bi aldiz behintzat elkartzen hasi dira landareak ereiteko eta landatzeko.

Jarduna handitzearekin batera, laneko erremintak eta bestelakoak gordetzeko leku beharrean ikusi dira taldeko kideak azken hilabeteotan, eta txabolatxo bat eraikitzeko lanean dabiltza orain: aldapan zegoen oinarria leundu zuten auzolanean lehenik, eta orain Udalak zementua bota du. Txabola eraikitzeko diru bilketa kanpaina abiatu dute. Horretarako, auzolanetan atera duten lurra 20 kiloko zakuetan jarri dute salgai: elkartasunerako lurra, kanpainan diotenez eta argazkian ikus daitekeenez.