"Elikagaiak ekoizteko modua birpentsatu behar da"

  • Juigalpa (Nikaragua), 1958. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (F AO) New Yorken daukan bulegoa du ohiko lantokia. Munduko Landagunea elkarteak Bilbon antolatutako Familia Nekazaritzaren Munduko Biltzarrean parte hartu zuen urri hasieran. Hitzaldi eta lan-batzorde artean, tartetxoa aurkitu zuen gure galderei erantzuteko.


2011ko azaroaren 19an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
“Bistan da 1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetan ezarri zen nekazaritza ereduarekin mozkin handiak lortu direla, baina sistemak ordaina dauka”. (Iñigo Azkona)

Javier Molina FAOko kidea da, baina ez FAOko bozeramailea. Erakundeak bultzatzen du bere kideek kazetariekin hitz egitea, baina iritzi ofiziala batzuek baizik ezin dute eman, eta Molina ez da horietako bat. Hori argitzea ezinbesteko baldintza izan da elkarrizketa hau argitaratzeko baimena lortzeko.

Zuk idatzia da milioika lagun, bizirauteko, lurra eskura izatearen menpe daudela.

Gai horri buruz FAOk 2010ean egindako azken txostenak zioen munduan 950 milioi lagunek dutela elikadura-segurtasun arazoa. Orotara, eta Munduko Bankuak nekazaritzaren egoeraz egindako 2009ko txostenaren arabera, 1.500 milioi pertsona nekazaritzaren menpe daude bizirauteko. Guztira, 2.000 milioi daude nekazaritzari nola edo hala lotuta. Munduko biztanleen %30ez ari gara.

Milioika horietatik, batzuek aukera edukiko dute lurra erabiltzeko eta beste batzuek ez. Portzentajeak ezagutzen dituzu?

Datu hori asko aldatzen da eskualde batetik bestera, eta lurraren jabego sistemekin dauka zerikusia. Afrikan, esaterako, propietatea erkidegoarena da kasu askotan; banakoaren jabego kontzeptua ez da ageri, Amerikan eta Europan bezala. Erdi eta Hego Amerikan, latifundioa arazoa da oraindik. Guatemalan, adibidez, nekazaritza-ekoizpenaren %70 ekoizleen %8ren eskuetan dago. Horrek eragiten du minifundioak agertzea, errentagarriak ez diren oso jabego txikiak. Ondorioa biziraupenezko nekazaritza da.

Zer oztopo du gaur egun familia-nekazaritzak?

Batetik, azpiegitura falta, hori arazo larria da. Hau da, errepideak falta dira ustiapen guneetara iristeko, laborariak merkatuetara iristeko... Beste arazo bat finantza zerbitzuak erabiltzeko aukerarik eza da. Besteak beste kredituak ezin lortzea dakar horrek, batez ere nekazarientzat baldintza egokiak dituzten kredituak, interes eta itzultze epe zentzuzkoekin. Hirugarren arazo handia merkatuari buruzko informazio falta da, ekoizleak ez du jakiten zein den eskaintza, zein eskaera, zer prezio aurreikusten den zenbait produktutarako... Horrek zailtzen dio zer, nola eta noiz ekoitziko duen erabakitzea. Hiru faktore horien emaitza da familia-nekazaritza ez dela, oro har, ekonomikoki eraginkorra.

Biltzar honen xedea, hain zuzen, familia-nekazaritza sustatzeko proposamenak egitea da. Zergatik sustatu behar da familia-nekazaritza?

Ekonomiaren ikuspuntutik, enplegua sortzen duelako, eta beraz diru-sarrerak. 2.000 milioi lagunez hitz egiten ari gara. Elikadura-segurtasunaren ikuspuntutik, familia-nekazaritza berehalako elikagai iturria da landan bizi direnentzat. Ekologiaren ikuspuntutik, familia-unitate txikiak direlako, biodibertsitatearen kontserbazioa ardatz daukan lan moldeekin ari direnak. Familia horiek ondasun naturalak gordetzen laguntzen dute. Lurra, basoak eta ura, batez ere.

Zure hitzetatik ondorioztatzen da eredu horren aurrean beste bat dagoela, saihestu nahi diren ezaugarri horiek guztiak biltzen dituena.

Jakina. Hori lotuta dago 1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetan ezarri zen nekazaritza ereduarekin: ekoizpena eskala handian, mekanizazioa eta monolaborantza. Izan ere, monolaborantza aurretik dator, XVIII. mendetik, baina aipatu ditudan hamarkadetan mekanizatu zen eskala handian. Horrek bat egin zuen, gainera, produktu kimikoak zabaltzearekin: ongarriak, pestizidak eta abar. Bistan da mozkin handiak lortu zirela horrela, baina sistemak ordaina dauka.

Zein?

Batetik, eskala handiko produkzioak basoa kentzea eta biodibertsitatea ezabatzea dakar. Bestetik, denbora tarte jakin bat igarotzean zoruaren kalitatea murrizten du. Zorua babesten duen landare geruza galtzen da, eta hori gabe ezin da basoa azkar berrosatu. Horrez gain, ongarri eta pestizidak erruz erabiltzeak lurpeko ur geruzak kutsatzen ditu. Nekazaritza mota horren albo-kalteak agerikoago bihurtzen ari dira orain; 50 urte igaro ostean argi ikus dezakegu zein den ordaina. 1960ko hamarkadan kontu berria zen, eta ez zitzaien ondorioei erreparatzen. Baina orain bai, eta horrek eraman gaitu nekazaritza birpentsatzera.

Beraz, familia-nekazaritza bultzatu behar da eskala handiko nekazaritza ordezkatu dezan?

Eskala handiko nekazaritzak rol bat bete zuen bere garaian. Garatu zenean ez genekien askorik epe luzeko albo-kalteez, eta beraz ezin dugu gaurko aurreiritzietan oinarrituta ordukoaren epairik egin. Orain badakigu horrek zer dakarren, baina bestelako ereduak daudela ere badakigu, agian hainbesteko etekina ematen ez dutenak, baina bai zenbait onura: ingurumena zaintzea, produktu fidagarriagoak... Eztabaida hori izango da: nola lortuko dugun etekin handia ematen duten baina aldi berean baliabide naturalak gordetzea ahalbidetzen duten produkzio ereduetara trantsizioa egitea. Trantsizio hori egin beharko baita.

Lan zaila, eredu industriala baita nagusi.

Bai. Borroka herritarrak heztea izango da, bai kontsumitzaileak bai gobernuak, orain arteko nekazaritza-sistemak denoi eragiten diguten ordainak dituela ulertarazteko. Eta hortaz, elikagaiak ekoizten ditugun modua birpentsatu beharko dugu.

Noraino eragin dezakete hau bezalako biltzar batetik ateratzen diren gomendioek herrialdeen politiketan?

Egia da honelako biltzarretatik, jendarte zibiletik, datozen gomendioek ezin dutela bat-batean izan politiken diseinuan pisu handiagoa daukaten taldeen gomendioen indar bera. Baina heziketa ematen den heinean, eta hedabideek horretan oso zeregin garrantzitsua dute, aldaketa izango da.

Itzul gaitezen lurraren eskuragarritasunaren gaira. Nahitaezko baldintza izango da familia-nekazaritza garatu ahal izateko.

Esan gabe doa. FAO lankidetzan ari da beste eragile batzuekin, munduko gobernuei helaraziko zaien gomendio sorta prestatzeko. Helburua da gobernu guztiek beren legedietan txerta ditzatela neurriak, lurraren eskuragarritasuna eta erabilpen jasangarria arautzeko. Baliabideen eskuragarritasuna faktore ekologiko eta sozioekonomikoen arabera arautzea da gakoa. Orain arte aintzat hartuak izan ez diren faktoreak, alegia.

Eta nola hartuko dituzte gobernuek gomendio horiek, zure ustez?

Pentsatzekoa da ondo hartuko dituztela. FAOk ez du gomendio sorta hori ezerezetik asmatu, herrialdeekin elkarlanean baizik. Onartu beharko lituzkete.

Asko izango dira AEBek zer erabakiko zain.

Ez naiz solasean aritu AEBetako ordezkaritzarekin gai horretaz. Baina erabakia gehiengoz hartzen da, eta hori nagusituko da gomendio sortez eztabaidatzen denean.

Gehiengo horren erabakia loteslea da?

Ez. Gomendioak ezartzea ala ez norberaren borondatearen menpe dago. Baina kontsentsua dago. Jakina, batzuk aurka daude, baina denborarekin eta lanarekin aldaketaren beharra ikusarazi dakieke.

Zer erreakzio espero duzu nekazaritza-industriaren konpainia handietatik?

Benetan harridura sortzen du enpresa handien eremua zer heterogeneoa den; badira batzuk oso prest berrikuntzak ezartzeko, eta finantzatzeko. Eta beste asko ez, arrazoi askorengatik.

Oposizioa handia izan daiteke?

Beren burua mehatxatuta ikusten dutenen interes oso indartsuak izango ditugu aurrez aurre. Horren kontra heziketa lana dago batetik, eta bestetik... aizu, merkatua horrelakoa da, egokitu beharko dute edo atzeratuta gelditu.

Askoren ustez eskala handiko eredu industriala nagusi izatearen ondorioa da milioika lagunek –790 milioi, irakurri dut zure idatzi batean– elikagai nahikorik ez edukitzea.

FAOk esan duena zera da: jende horrek guztiak elikadura-segurtasunik ez edukitzearen zergatia da, hein handi batean, azken 20-30 urteetan gobernuek eta eragile ekonomikoek ez diotela behar bezalako arreta eskaini laborantzari. Garapena sustatzeko munduko diru-laguntzen %17 nekazaritzak eramaten zuen 1980ko hamarkadaren hasieran, eta 2002an %4 besterik ez. Ekoizpena ahuldu egin zen, nekazaritza ia abandonatuta zegoen. 2007, 2008 eta 2009. urteetako elikagaien krisiak alarmak piztu zituen. Landara itzuli behar dugu, eta eztabaida hasi da honezkero: zer egin behar dugu nekazaritzarekin? Eztabaida horretan gaude.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


Eguneraketa berriak daude