Esther Vivas kataluniarra elikagaien industrian aditua da. El negocio de la comida (Janariaren negozioa) izeneko liburua publikatu berri du eta elikagaien merkatu globalaren funtzionamendua du hizpide. Munduan 12.000 milioi lagunentzat adina janari produzitzen da eta 1.000 milioi lagunek gosea pasatzen dute.
Zortzi pertsonetatik batek gosea pasatzen du gaur egun Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera. Vivasek dio hori elikagaiak eta laborantza negozio bilakatu izanak ekarri duela.
“Gaur egungo elikadura moldeetan dirua da garrantzia duen bakarra”, adierazi du La Marean egin dioten elkarrizketan. Haren ustez, elikagaien merkantilizazioa gertatu da, eta ondorioz, “dirurik izan ezean ez duzu janaririk”.
Bere liburuan Vivasek azaltzen du badagoela diskurtso ofizial bat, gosearekin bukatzeko elikagaiak ekoizteari garrantzi handia ematen diona. Baina berak ez du horretan sinesten: “Ez dago elikagai faltarik, elikagaietara iristeko eragozpenak baino ez daude”.
Naturak eragindako hondamendiei eta gerrateei botatzen zaie maiz munduko gosearen errua; eta horiek eragina izan dezaketen arren, Vivasek uste du arrazoi politikoak daudela atzean.
Funtsean, janaria negozio bilakatu da, eta ondorioz, elikagaiekin espekulatzen dela uste du. Eskala globalean krisi ekonomikoa eta elikadura krisia estuki lotuta daude.
Enpresa handienek diru iturria ikusi dute elikaduraren negozian eta horien asmo nagusia “ez da munduko gosea deuseztatzea, dirua irabaztea baizik” Vivasen iritziz.
TTIPen gainean ere mintzatu da kataluniarra eta esan du hitzarmen horren helburua enpresa handiei onurak ematea dela, bereziki enpresa estatubatuarrei.
Bertakoa kontsumitu
Vivasek garrantzi handia eman die bertako produktuei. 5.000 kilometro egiten ditu batez beste elikagai batek lurretik platerera iritsi arte, Lurraren Lagunak elkarteak egindako txosten baten arabera.
Horrek ez du esan nahi beste lekuetako produkturik kontsumitu behar ez denik Vivasen arabera, baina uste du kontsumo horren arrazoiaren atzean industriaren interesak daudela.
Eroslearen jarreraren garrantzia ere azpimarratu du. Kontsumitzaileak gero eta arreta gehiago jartzen du horrelako kontuetan, Baina jarrera hori ongi jate hutsetik harago joatea eta produktua erosterakoan balore sozial bat gehitzea lortu behar delakoan dago.
Ekologikoa garestiago
Janari ekologikoa ez dela beti garestiagoa uste du Vivasek.
Izan ere, haren hitzetan, supermerkatuak ahalik eta gehien gastatzeko pentsatuak daude: “Kalkulatzen da supermerkatuetan erositakoaren %20 eta %50 artean barne estimuluek bultzatuta erosten dugula”.