argia.eus
INPRIMATU
Elikadura burujabetza ardatz hartuta egiten ari dira Hernaniko Merkataritza Festa
  • Irailaren 9tik 12ra hamaika ekintza antolatu dituzte, herriko eragile, ekoizle eta merkatariekin elkarlanean. Gure lurra, gure jatekoa lelopean, herritarrak “bertako produktua zaintzera” bultzatu nahi dituzte, besteak beste. Ostiralean da hitzordu nagusia: azokak kalea hartuko du, eta bertan egongo da Bizi Baratzeko postua ere, Jakoba Errekondorekin.

ARGIA @argia 2025eko irailaren 11
Hernani Burujabe

“Gure lurra, gure jatekoa. Gure lurra zaintzea, gure burua zaintzea da. Bertako produktua zaintzea, bertako dendetan erostea”. Aurten mezu hori helarazi nahi izan dute Hernaniko Merkataritza Azokako antolatzaileek –Merkataritza Mahaia eta Hernani Burujabeko Elikadura Mahaia, udala partaide den herriko eragile sareak–.

Elikadura burujabetza hartu dute ardatz, Patxi Ibarguren EH Bilduko zinegotziak berretsi duenez: “Elikadura eta lehenengo sektorea erdigunean jarri eta azken urteetan eremu horretan Hernanin ematen ari garen pausoak erakusteko balioko du”. Ideia horren bueltan ondu dute egitarau oparoa, eta bertako ekoizleei eta elikadurari lotutako tailerrak, hitzaldiak eta kale animazioa eskaintzen ari dira, herriko ekoizle eta merkataritza guneekin elkarlanean. “Merkataritza Festa honetan erakutsi nahi dugu herrian bertan ekoitzi, eraldatu, saldu eta kontsumitzen diren produktuak baditugula”, azpimarratu du Oihana Aristegik, Hernani Burujabeko Elikadura Mahaiaren ordezkariak.

Ostegunean, gaian sakontzeko ‘Gure lurra, gure jatekoa. Elikadura burujabetzarantz’ mahai-ingurua egingo dute 19:00etan Sandiusterrin, hizlari hauekin: Alazne Intxauspe Etxalde mugimenduko kidea eta ekoizlea, Uxue Amonarriz Hernaniko Perrapa baserriko ekoizlea, Beñat San Sebastian Hernaniko Errioguarda jatetxeko sukaldaria eta Amanda Verrone ekofeminista eta Nekazaritza eta Ingurumen Zuzenbideko ikertzailea. Aritz Ganboa artzainak gidatuko du hitzaldia.

Ostiralean, ‘Hartu kalea!’ egun osoz

Ostiralerako prestatu dute hitzordu nagusia, 10:00etatik 19:00etara bitartean luzatuko baita egitaraua. Plaza Berrian bertako ekoizleen azoka izango da 13:30 arte, eta han izango da Bizi Baratzeko postua ere, Jakoba Errekondorekin. Kale animazioaz gain, kafe tailerra, sagar dastaketa zein pintxo potea ere izango dira aukeran.

Jarraian irailak 12ko egitarau osoa:

10:00: Produktuak kalera. Musika eta kale apainketa.
10:00-13:30: Bertako produktuen azoka. Plaza Berrian.
11:00-12:30: Showcooking Zigor Iturrietarakin (Urbieta kaleko oinezko gunean).
13:15: Omenaldia. Berriak-en elkartean.
16:30-17:30: Tailerra: Askari osasuntsuak. Urbieta kaleko oinezko gunean.
17:30-18:30: Tailerra: Sagar dastaketa. Zabalo-eneako Manuel eta Maddi Iradi.Urbieta kaleko
oinezko gunean.
18:00: Egin kafea zure etxean. Kuia kafean.
Izena emateko: Kuia (Andre kalea, 29)
18:30: Kale animazioa: Mogumbo.
19:00: Bertako produktuen pintxo-potea tabernetan.