Elikadura-alergiak: Ikerketa ordaintzen dutenek zer ikertzen duten

  • Elikadura-alergiak bikoiztu egin dira Europan azken hamar urteetan... eta batzuetan euria egiten du. Udazkenean aurkeztu zuten ikerlan eskerga baten emaitza duzu datu ikaragarri hori, baina igoeraren zergatiaz gutxi hitz egiten dute egileek. Normala balitz bezala. Ikus dezagun nor dagoen, azken batean, ikerketa horren atzean.


2012ko urtarrilaren 15an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Gero eta alergia gehiago eragiten du jaten dugunak, baina ez dirudi ikerketa-lerro nagusiak horren arrazoia argitzera bideratuta daudenik. (www.foodallergens.info)

Azaroaren 10etik 12ra Elikadura-Alergiei buruzko Nazioarteko Sinposiuma egin zen Bartzelonan. Besteak beste, EuroPrevall egitasmoaren txostena aurkeztu zuten bertan. 25 herrialdetan egindako ikerketaren emaitzak jasotzen ditu txostenak; hemeretzi Europakoak. Ia 100.000 lagunen kasua aztertu dute ikerlan eskergaren egileek, eta ondorio nagusia da, hau sinatzen duenaren aburuz behintzat, elikagaien ondoriozko alergiak azken hamar urteetan bikoiztu egin direla.

Txostenaren laburpena Interneten irakurtzeko aukera eduki dugu. Gauza asko esaten da hor. Montserrat Fernandez Rivas doktoreak, EuroPrevall-eko ikertzaile nagusietako batek, honela azaldu ditu lanaren helburuak: “Elikagaiek eragindako alergien benetako egoera ezagutu nahi genuen, haren prebalentzia neurtu, diagnosirako metodo berriak garatu eta, batez ere, patologia horren kostu sozioekonomikoa, hala nola Europako biztanleen bizi-kalitatean daukan eragina zehaztea”.

Hamar urtetan bikoiztu egin dira alergiak, eta igoera horren zergatiaz ez da hitzik ageri dokumentuaren laburpenean. Nola liteke? Prebentziorako armak garatzea ez litzateke lehentasunezkoa izan behar (diagnosia zein tratamendua hobetzearen garrantzia ukatu gabe)? Horrelako zifra kezkagarriek ez lukete zientzialarien jakin-mina piztu behar?

Nor da EuroPrevall?

Interneten erantzun bila hasita, ahalegin handirik gabe iritsiko gara www.europrevall.org webgunera. Letra handian, hasierakoan, azaltzen dute EuroPrevall diziplina anitzeko egitasmoa dela, Europar Batasunean abiatua baina beste herrialde batzuk ere partaide dituena. 67 kidek osatzen dute: osasungintzako erakundeak, izena aipatzen ez den dozena erdi enpresa, alergiaren gaineko ikerkuntzan buru diren elkarteak (webguneak dio hori)... Letra txikiagoan, ikus daiteke Institute of Food Research (Janariaren Ikerketa Institutua) delakoak mantentzen duela webgunea. Beste klik bat.

Institute of Food Research Britainia Handiko erakunde bat da. Munduko liderretakoa da elikadura-osasunaren ikerketan eta elikadurarekin zerikusia duten gaixotasunen prebentzioan, betiere beren hitzetan. BBSRC delakotik finantzazioa jasotzen duen zortzi institutuetakoa bat dela ere kontatzen diote jakin nahi duen orori. BBSRC, berriz, Biotechnology and Biological Sciences Research Council-en siglak dira, alegia, Bioteknologiaren eta Biologia-Zientzien Ikerketa Kontseilua, Londresko Gobernuak sortutako erakundea.

Elikadura-alergiak hamar urtetan bikoiztu dira Europan, baina EuroPrevall egitasmoaren txostenaren laburpenak ez du hitz egiten igoera horren zergatiez

Zer aldatu da elikagaietan? Ala gu aldatu gara? Zergatik hitz egiten du hainbeste EuroPrevallek alergiak diagnostikatu eta sendatzeaz, eta hain gutxi prebenitzeaz?

BBSRCren erabaki organo gorenak hamazazpi kide ditu; horietatik zazpik, gutxienez, ardura-karguak edota akzioak dauzkate zenbait enpresa garrantzitsutan. Batzuk elikaduraren arlokoak –genetikoki eraldatutako organismoak merkaturatzen dituztenak barne–, beste batzuk konpainia farmazeutikoak. Datu horiek BBSRCren webgunean bertan daude.

Alergien ikerketa nork ordaintzen du Espainiako Estatuan

Hasieran aipatu dugun nazioarteko sinposiumera itzuliko gara orain. SEAICek antolatu du, alegia, Alergologia eta Immunologia Klinikoko Espainiar Elkarteak, zeinaren presidente eta presidenteordea, bide batez esateko, euskal herritar bi diren: Jose Maria Olaguibel mediku alergologo nafarra eta Ignacio Antepara, Basurtuko ospitaleko Alergologia Saileko burua. Dagoeneko ezagun dugun Montserrat Fernandez Rivas ere izan zen, orain urte batzuk, elkarteko presidentea.

SEAICek irabazi asmorik gabeko elkarte profesional eta zientifiko modura aurkezten du bere burua, eta euren webgunean ikus daitekeenez, lotura estua daukate SEAICeko Fundazioa izeneko beste entitate batekin, irabazi asmorik gabekoa hori ere, beraien aurkezpen-txartelari jaramon egin behar badiogu. Fundazio horrek patronatu bat du, zeinaren barruan dauden “Fundazioa diruz laguntzeko helburua duten patroi batzuk”, irakur bedi enpresa batzuk, hamazortzi guztira, den-denak industria farmazeutikoaren arlokoak. Zerrenda webgunean dago, xehetasunak ezagutu nahi dituzten irakurleentzat. Laguntza, bestalde, ez da finantzaziora mugatzen: Fundazioa azpiegiturez eta giza-baliabide zein baliabide materialez hornitzeko konpromisoa daukate enpresa horiek.

Galdera batzuk

Ondo. Normala. Elikagaien eta sendagaien industriek ez badute interesik agertzen jaten dugunak eragindako alergiez, nork agertuko du? Kontua da ea zergatik ez dioten funtsezko galderari erantzuten: zerk eragin du alergien prebalentzia orain dela hamarkada bat baino bi aldiz handiagoa izatea? Zer aldatu da elikagaietan? Ala gu aldatu gara? Zergatik hitz egiten du hainbeste EuroPrevallek alergiak diagnostikatu eta sendatzeaz, eta hain gutxi prebenitzeaz? Besterik gabe ametitu beharko dugu EuroPrevallen txostenak iradokitzen duena? Alegia, alergiak bikoiztu dira... bikoiztu direlako.

EuroPrevallen txosteneko datu batzuk

- Elikadura-alergiek eskolara joateko adinean dauden umeen %5eri eragiten die, eta helduen %8ri.

- Alergia daukan gaixo heldu baten kostua 1.280 dolarrekoa da urtean; herritarren batez bestekoaren bi halako. Umeen kasuan,

gastua hiru halako da.

- Fruta freskoak eta fruitu lehorrek eragiten dute Europan erreakzio alergiko gehienak.

- Anafilaxia eragiten duten elikagaien %72 bakarrik daude behar den bezala etiketatuta.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude