Elikadura-alergiak bikoiztu egin dira hamar urtetan, eta batzuetan euria egiten du

  • Hilaren 10etik 12ra Elikadura-Alergiei buruzko Nazioarteko Sinposiuma egin da Bartzelonan. Besteak beste, EuroPrevall egitasmoaren txostena aurkeztu dute bertan. 25 herrialdetan egindako ikerketaren emaitzak jasotzen ditu txostenak; hemeretzi Europakoak. 100.000 lagunen kasua aztertu dute ikerlan eskergaren egileek, eta ondorio nagusia da, nire aburuz behintzat, elikagaien ondoriozko alergiak azken hamar urteetan bikoiztu egin direla.


2011ko azaroaren 28an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-03 15:57:58

Dokumentu honetan (PDF, gaztelaniaz) txostenaren laburpena aurkituko duzue. Gauza asko esaten da hor. Montserrat Fernandez Rivas doktoreak, EuroPrevall-eko ikertzaile nagusietako batek, honela azaldu ditu lanaren helburuak: “Elikagaiek eragindako alergien benetako egoera ezagutu nahi genuen, haren prebalentzia neurtu, diagnosirako metodo berriak garatu eta, batez ere, patologia horren kostu sozioekonomikoa, hala nola Europako biztanleen bizi-kalitatean daukan eragina zehaztea”.

Hamar urtetan bikoiztu egin dira alergiak, eta igoera horren zergatiaz ez duzu hitzik aurkituko dokumentu osoan. Nola liteke? Prebentziorako armak garatzea ez litzateke lehentasunezkoa izan behar (diagnosia zein tratamendua hobetzearen garrantzia ukatu gabe)? Horrelako zifra kezkagarriek ez lukete zientzialarien jakin-mina piztu behar?

Interneteko bilatzaileetan erantzun bila hasita, ahalegin handirik gabe iritsi naiz www.europrevall.org webgunera. Letra handian, hasierakoan, azaltzen dute EuroPrevall diziplina anitzeko egitasmoa dela, Europar Batasunean abiatua baina beste herrialde batzuk ere partaide dituena. 67 kidek osatzen dute: osasungintzako erakundeak, izena aipatzen ez den dozena erdi enpresa, alergiaren gaineko ikerkuntzan buru diren elkarteak (webguneak dio hori, ez nik)… Letra txikiagoan, ikus daiteke Institute of Food Research (Janariaren Ikerketa Institutua) delakoak mantentzen duela webgunea. Beste klik bat.

Institute of Food Research Britainia Handiko erakunde bat da. Munduko liderretakoa da elikadura-osasunaren ikerketan eta elikadurarekin zerikusia duten gaixotasunen prebentzioan, betiere beren hitzetan. BBSRC delakotik finantzazioa jasotzen duen zortzi institutuetakoa bat dela ere kontatzen diote jakin nahi duen orori. BBSRC, berriz, Biotechnology and Biological Sciences Research Council-en siglak dira, alegia, Bioteknologiaren eta Biologia-Zientzien Ikerketa Kontseilua, Londresko Gobernuak sortutako erakundea. BBSRCren erabaki organo gorenak hamazazpi kide ditu; horietatik zazpik, gutxienez, ardura-karguak edota akzioak dauzkate zenbait enpresa garrantzitsutan. Batzuk elikaduraren arlokoak (genetikoki eraldatutako organismoak merkaturatzen dituztenak barne), beste batzuk farmazeutikak. Datu horiek BBSRCren webgunean bertan daude.

Hasieran aipatu dugun nazioarteko sinposiumera itzuliko gara orain. SEAICek antolatu du, alegia, Alergologia eta Immunologia Klinikoko Espainiar Elkarteak, zeinaren presidente eta presidenteordea, bide batez esateko, euskal herritar bi diren: Jose Maria Olaguibel mediku alergologo nafarra eta Ignacio Antepara, Basurtuko ospitaleko Alergologia Saileko burua. Dagoeneko ezagun dugun Montserrat Fernandez Rivas ere izan zen, orain urte batzuk, SEAICeko presidentea. Irabazi asmorik gabeko elkarte profesional eta zientifiko modura aurkezten dute beren burua, eta euren webgunean ikus daitekeenez, lotura estua daukate SEAICeko Fundazioa izeneko elkartearekin, irabazi asmorik gabe hori ere beraien aurkezpen-txartelari jaramon egin behar badiogu. Fundazio horrek patronatu bat du, zeinaren barruan dauden “Fundazioa diruz laguntzeko helburua duten patroi batzuk”, irakur bedi enpresa batzuk, hamazortzi guztira, den-denak industria farmazeutikoaren arlokoak. Laguntza ez da finantzaziora mugatzen: Fundazioa azpiegiturez eta giza-baliabide zein baliabide materialez hornitzeko konpromisoa daukate enpresa horiek.

Ondo. Normala. Elikagaien eta sendagaien industriek ez badute interesik agertzen jaten dugunak eragindako alergiez, nork agertuko du? Kontua da ea zergatik ez dioten funtsezko galderari erantzuten: zerk eragin du alergien prebalentzia orain dela hamarkada bat baino bi aldiz handiagoa izatea? Zer aldatu da elikagaietan? Ala gu aldatu gara? Zergatik hitz egiten du hainbeste EuroPrevallek alergiak diagnostikatu eta sendatzeaz, eta hain gutxi prebenitzeaz? Airean utziko ditut galdera horiek, eta erantzun argia jaso bitartean hiritar txintxoa zaingo naiz eta ametitu egingo dut EuroPrevallen txostenak iradokitzen duena: alergiak bikoiztu dira… bikoiztu direlako.

[Unai Brearen blogean argitaratutako artikulua da hau]


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude